
Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak nazio mailako giza katea egingo du ekainaren 8an, baina, horren aurretik, Gernika-Lumoko herritarrek beste giza kate bat antolatu du martxoaren 30erako. Mugimenduko ordezkariek joan den asteburuko aurkezpenean azaldu zuten bezala, martxoko giza katea herri malakoaren entsegu bat izango da. Hala, bertoko herritarrei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek.
Aurkezpenean herriko hainbat kirol taldetako ordezkariek parte hartu zuten. Antolatzaileen ustez, kirola da herriko pluraltasuna hobekien adierazten duen esparrua. Hala, herriko kirol instalazioak lotu nahi dituzte pertsonen bidez. Antolatzaileen berbetan, “parte hartzearen arabera, giza katea laburragoa edo luzeagoa izango da”. Hala ere, gutxienez mila lagun inguru beharko direla jakinarazi dute Gure Esku Dago mugimenduko kideek.
Giza katea egiteaz gain, herriko kaleetara aldarrikapen giroa zabaldu nahi dute, ekitaldi desberdinak antolatuz. Oraindik, dena den, egitaraua ez dago guztz zehaztuta. Hala, bertoko herritarrek erabakitze eskubidearen aldeko egunagaz bat egin dezaten eskatu dute. “Sokatira erakustaldia antolatu daiteke, jaurtiketa libre txapelketa, edota tortilla txapelketa bat”. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua erabakitze eskubidearen aldeko oihartzuna kalera ateratzea da.

Aurkezpenean esan zutenez, “herritarron ordua da. Euskal herritarrok nazio bat osatzen dugu, eta, horrenbestez, erabakitzeko eskubidea daukagu”.
Izena emateko
Gernika-Lumoko giza katean edo ekainaren 8ko giza katean parte hartzeko, bertoko herritarrek izena eman beharko dute aurretiaz. Horretarako, mugimenduak Gernika-Lumon daukan egoitzara joan beharko dute. Iraganean Correosen egoitza zegoen lekuan kokatu dute informazio gunea; Elai Alai aretoaren eta Bakearen Museoaren artean. Barikuetan 18:00etatik 21:00etara zabaltzen dute, eta zapatuetan eta domeketan 11:00etatik 14:00etara.
Duango eta Iruñea lotuko dituen nazio mailako giza katean parte hartzeko, interesatuek bost euro ordaindu behar dituzte.