
Urdaibai eskubaloi taldeko neskek Bizkaiko txapelketako lehenengo postua eskuratu dute. Mutilak, aldiz, emozioz betetako partida baten ostean, laugarren postuan gelditu dira.
Mundakan eta Bermeon jokatu dituzte Bizkaiko txapelketako gazteen mailako finalak. Talde bakoitzak bi partida jokatu ditu, eta neskek, Muskizko taldearen aurka 29-28 irabazi ostean, lehenengo postua lortu dute. Hori dela eta, hurrengo denboraldian euskal ligan jokatuko dute Urdaibai Eskubaloi Taldeko neskek. Horrez gain, denboraldiko bigarren fasea ere euskal ligan jokatzeko aukera izango dute. Horretarako, asteburu honetan Gipuzkoako bi talderen aurka jokatuko dituzten partidak irabazi beharko dituzte. Iker Remero entrenatzailearen arabera, taldeak bigarren fasean euskal ligan lehiatzeko aukerak dauzka. “Neskak ilusio handiarekin eta gogotsu daude”.
Mutilak laugarren postuan sailkatu dira, Eskolapios taldearen aurka 28-29 galdu ostean. Hori dela eta, orain arte bezala, Bizkaiko txapelketan jarraituko dute.