
Herriko komun publikoak “egoera txarrean” daudela eta, Gernika-Lumoko Udalak egokitzapen lanak hasiko ditu laster. Jose Maria Gorroño alkateak azaldu duenez, apirilerako egokitzapen lanak amaituta egotea espero du. 50.000 euro inguruko aurrekontua izango du udalak, eta udal beharginek egingo dituzte obrak. Hala, proiektua gauzatzea merkeagoa izango dela jakinarazi du alkateak. Teilatuko forjatua egokituko dutela baliatuz, komunei itxura berria ere emango diete.
Gorroñok azaldu duenez, alde batetik “teilatuko forjatua” berriztu behar dute. Dagoeneko, urte asko dauzka, eta itogin asko sortzen dira euria egiten duenean. Hala, “hezetasunak teilatuko forjatua kaltetu du, nahiz eta orindik segurua den”. Alkateak nabarmendu duenez, “egoerak txarrera egin baino lehen konpondu nahi dituzte arazoak”. Forjatua konpontze aldera, beharginek pasealekuko goiko aldearen zati bat ere altxatu beharko dute (Arrieneko eskaileren ondoan). Hala, gaur egungo lauza gardenak kenduko dituzte, lanak iraun bitartean.
Bestalde, komunen barnealdeari ere itxura berria eman nahi dio udalak. Gorroñoren berbetan, “komunak egoera txarrean daude, eta barrura sartzeko arazoak izaten dituzte erabiltzaileek, itxura zatarra baitaukate”. Hala, egokitzapen lanak eginez, herritarrek eta kanpotarrek zerbitzu on bat jasoko dute.
Emakumezkoen aldean, bi komun arrunt eta mugikortasun arazoak dituztenentzako beste bat jarriko dituzte. Mutilen aldean, bestalde, txisa zutunik egiteko lau komun jarriko dituzte. Gizonezkoen aldean ere mugikortasun arazoak ditzuten pertsonentzako komun bat jarriko dute. Alkateak dioenez, erabiltzaile horien komunak berriztatzea lehentasun bat da. Izan ere, “gaur egun ez dira batere erabilgarriak”.
Komunei itxura berria emateko, gainera, udal beharginek azuleju berriak, eta bakarrik pizten den argiteria sistemak jarriko dituzte. “Zerbitzu on bat eskaintze aldera, patxadazko irtenbide bat eman nahi genien Pasealekuko komunei”, eta egokitzapenekin lortuko dutela deritzo Gorroñok.