Eguazteneko erasoa gaitzetsi du Bermeoko EAJk
Eguaztenean Bermeoko Bizkaiko Jaurerria kalean jazotako ustezko indarkeria kasuaren aurrean, bere gaitzespena erakutsi du Bermeoko EAJk, eta herritar guztiei eskatu die “horrelako jokabideen aurrean mespretxuzko jarrera agertzeko”. Gai horren harira, Bermeoko udal gobernuaren jarrera eta azken osoko bilkurako erabakia salatu dituzte jeltzaleek.
“Bilduk emakumeen aholkularitza-juridiko zerbitzua mantentzeko diru partida 2014ko aurrekontuetatik kendu izana” kritikatu du EAJk, jeltzaleek “zerbitzu hori mantentzeko proposamen konkretu bat egin arren”. Halaber, eguazteneko “zorigaiztoko gertakariak” bezalakoek agerian uzten dute, jeltzaleen ustez, zerbitzu hori mantentzea “behar-beharrezkoa” dela.
Gauzak horrela, EAJk Bilduren jarrera “ulertzen ez” duela argi utzi du, eta, bere ustez, udal gobernuak “ezin du arazoak dauden bakoitzean beste alde batera begiratu eta beste erakunde batzuei erantzukizunak eta ekimenak eskatu”.
Gainera, eguazteneko erasoaren aurrean, “erantzun irmo bat eman ordez, Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiaren kontrako prentsaurreko bat antolatzea erabaki” zuela salatu du EAJk, “oportunismo politikoaz baliatuta”. Horri lotuta, gaineratu du egoerak eskatzen duen mailan egotea dagokiola udalari, eta baita uneari dagokion neurriko erantzunak ematea herriaren eta herritarren aurrean.
Udalak, bestalde, gogora ekarri du Josu Unanue Gizarte Zerbitzuetako ziengotziak emandako prentsaurreko horren deialdia bezperan egin zuela; alegia, eguazteneko eraso hori gertatu aurretik. Era berean, aipatu du prentsaurrekoak ez duela gertaerarekin zerikusirik. Prentsaurreko horretan, besteak beste, tratu txarrak eta sexu erasoak gertatzen direnetan laguntza psikologikoa emateko programa Bermeon eskaintzeko eskatu zion udalak Bizkaiko Foru Aldundiari.