
Joan den astean EH Bilduk ur partzuergoari buruz egindako adierazpenei erantzun die Busturialdeko EAJk ohar bidez. Hain zuzen, Busturialdeko Ur Partzuergoa oztopatzen ari dela salatu zuen koalizioak, EAJk eskualdeko erakunde publikoa ito nahi duela nabarmenduz. EAJk lan poltsa publikoaren oinarriei errekurtsoa jarri diolako egin zituen adierazpenok koalizioak.
EAJk esan duenez, baina, lan poltsa publikoaren oinarriei errekurtsoa jartzeko arrazoi nagusietako bat “legezkotasuna betetzea” da, hasitako “prozedura bati segurtasun juridikoa emanez”. EH Bilduk zehaztutako norabidea jarraituz gero, aukeraketa prozesua legearen kontrakoa izan daitekela deritzote jeltzaleek.
Modu berean, aurrekontua eta partzuergoko lanpontuen zerrenda (LPZ) ez dituztela aurkeztu ere kritikatu du EAJk. Hala, “partzergoak udalerriaz gaindiko erakundeek (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia) egindako gomendioen kontra” egin duela diote jeltzaleek.
Legezkotasuna betetzea, eta hasitako prozedura bati segurtasun juridikoa ematea izan da errekurtsoaren helburua”, EAJren berbetan
Horien hitzetan, “lan poltsa publikoa zabaldu baino lehenago sortu behar dira lanpostuak; eta aurrekontuak eta lanpostuen zerrenda onartuta egon behar dira”. Hala, EAJk errekurtsoa aurkeztea erabaki du, partzuergoko zuzendaritzaren “irregulartasun larriak” salatze aldera.
Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko lehendakariaren berbetan, EAJren errekurtsoak ez dauka zentzurik. “Egia da alderantziko bidea hartu dugula, baina ez doa legezkotasunaren kontra”, esan du. Bestalde, aurrekontua eta lanposten zerrenda otsailaren hasieran aurkeztuko dituztela esan du. Etxeko lanak egin dituztela eta, Arriolak lasai egoteko eskatu dio EAJri.
“EAJren ostopo lana2
Busturialdeko Ur Partzuergoko lehendakariak ez du jeltzaleen jarrera ulertzen. Dioenez, zuzendaritza berriak “partzuergoa bideragarri bihurtzea lortu du”, eta pozik egon beharrean, EAJ “haserre” dago. “Partzuergoa obsezio bat bihurtu zaie, eta lotsagarri ari dira jokatzen”. Arriolak dioenez, “kudeaketa hobetu dezakeen edozein gai oztopatzen ahalegintzen da EAJ, eskualdearen onura kontuan hartu barik”. Hala, jeltzaleek laguntzeko borondaterik ez dutela salatu du. “Ez iraganean, ezta gaur egun ere, ez dute borondaterik agertu”.
Zuzendaritza berriak konfiantzazko botoa merezi arren, EAJk ez du elkarlanerako jarrerarik erakutsi”: Iratxe Arriola
Partzuergoko lehendakariaren berbetan, “gaur egungo zuzendaritzak konfiantzazko botoa merezi du”. Izan ere, EAJk oinordetzan utzitako hiru milioi euroko zorra kitatzeaz gain, inbertsioak egiteko gaitasuna izan du bertoko erakunde publikoak.