Josu Imanol Unanue Gizarte Zerbitzuetako ziengotziak azaldu duenez, “behin eta barriro” eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari, tratu txarrak eta sexu erasoak gertatzen direnetan, laguntza psikologikoa emateko programa eskaintzeko Bermeon bertan. Unanueren arabera, 2009an onartu zuen aldundiak udalaren eskaera, Bermeon horretarako beharrizana zegoela iritzita. Dena den, gaur egunean oraindik aldundiak ez diola Bermeori zerbitzu hori eman kritikatu du zinegotziak.

Josu Imanol Unanue, gaur goizeko prentsaurrekoan.
Bermeotarrak jakinarazi duenez, Bildu udal gobernura sartu zenean, 2012an, eskatu zion aldundiari zerbitzu hori herrian bertan jar zezan; izan ere, beraien programako aldarrikapen bat ez zela beteta egon konturatu zen udal gobernu barria. Orduko hartan, aldundiak zerbitzu hori ematea aurreikusita zuela onartu zien, baina, denbora igaro zen, eta “Bermeoko Udalak ez zuen erantzunik jasotzen”. 2013. urte hasieran ere egin zuen Bermeoko Udalak aipatu eskaera, “baina lau urte beranduago ere berba bete barik jarraitzen zuen”.
Urte berean, bestalde, hainbatetan Bermeok eskatu izandako zerbitzu hori Gernika-Lumon jarri zutela jakin zuten, “nahiz eta Gernika-Lumok zerbitzu hori ez eskatu, antzeko zerbitzu bat zuelako”. Gauzak horrela, aldundiagaz harremanetan jarri ziren galdetzeko ea zergatik eman zioten zerbitzu hori Gernika-Lumori, eta ez Bermeori. “Eskualdeko ikuspegi bat izan behar genuela, Gernika-Lumo Bermeorengandik nahiko hurbil dagoela eta beste hainbat aitzakia jarri zizkigun orduko hartan aldundiak”, azaldu du Unanuek.
Esandakoa betetzea
Azken batean, 2008-2011ko plan estrategikoan bildu zuena betetzea eskatzen dio Bermeoko Udalak aldundiari; alegia, tratu txarrak pairatzen dituztenek tokian tokiko babesa izan dezaten. Hala, Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiak ezarritako 10. gomendioa gogoratu du Unanuek: “Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza psikologikoko zerbitzua deszentralizatzea, hartara, iristea errazagoa izan dadin, eta joan-etorriek daukaten disuasio-ondorioengatik biktima laguntza zirkuitutik ateratzea ekidin dadin”.
Gauzak horela, Bermeo zerbitzu barik geratu dela eta oraindik, horren zergatia ez dakitela salatu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Hala ere, Bermeoko Udalak, bere aldetik, esan du, ez dela nekatuko zerbitzu hori eskatzeaz, “Bermeok behar duelako, eta, gainera, uste dugulako balore ekonomikoez gain, erantzun bat emango liokeela benetan gure eskerari”. Eskaera hori, hain zuzen ere, datuetan oinarritutakoa dela azaldu du Unanuek. Datu horiei erreparatuz eta kasuz-kasu aztertuz, Bermeok erantzun bat behar duela eta zerbitzu hori deszentralizatua izan behar dela argi dela dio bermotarrak. Gainera, giza-tratuari dagokionean ere, uste du tratu txarrak pairatzen dituenarentzat sufrimendu are handiagoa dela herritik kanpora joan behar izatea.