
Gernika Sariak emateko iazko ekitaldia
Urtero legez, bi izango dira Gernikako bonbardaketaren urteurrenean emango dituzten Bakearen eta Berradiskidetzean aldeko Gernika Sariak. Aitorpenetako batek “bakearen alde lanean diharduen edo aritu den pertsona anonimoen” eginkizuna sarituko du; besteak, ordea, “liderrak, pertsona ezagunak edota erakunde garrantzitsuak, gatazkak konpontzen ahalegindu eta etorkizunari begirako berradiskidetze-prozeduretako oinarriak jartzeagatik nabarmendu direnak”.
William Kellyk eta Alex Carrascosak egindako grabatu bat jasoko dute aintzatespena lortzen dutenek, apirilaren 26an Lizeo Antzokian egingo duten ekitaldian.
Proposamenak Gernika-Lumoko udaletxean aurkeztu beharko dira, urtarrilaren 28a izanik horretarako azken eguna. Udalak zehaztu duenez, “pertsonek edo erakundeek egindako merezimenduen gaineko txostenen bidez aurkeztuko dira hautagaitzak eta talde sozialak edo kulturalak, kirolekoak edo politikoak abalatuta egon behar dute. Talde bakoitzak hautagai bakarra baino ezingo du proposatu kategoria bakoitzeko”.
Epaimahaia Gernika-Lumoko Udaleko alkateak, Kultura zinegotziak, udalbatza osatzen duten udal taldeetako ordezkari banak, Pforzheimgo (Alemania) Udaleko alkateak edo haren ordezkoak, Gernika Gogoratuz Fundazioko ordezkariak, Gernika-Lumoko Bakearen Museoa Fundazioko ordezkariak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxea Erakunde Autonomoko ordezkariak osatuko dute. Haiek erabakiko dute sariak nori eman.