
Emakumeen aurkako erasoak salatzeko protesta, Bermeon
Atzo arratsaldean atzeman zuten 38 urteko gizona. 19:40 aldera, Bizkaiko Jaurerria kalean gizon batek emakume bati eraso egin ziola jakinarazi zioten Ertzaintzari. Bertaratzean, andreak sudurrean kolpe bat zuela egiaztatu duten ertzainek eta udaltzainek. Gizonezkoa ere bertan zegoen, eta poliziei oldartu zitzaien, udaltzainetako bati zauriak eraginez.
Lekuan bertan atxilotu zuten, delitu bi egotzita: batetik, emakumeari eraso izanagatik lesio delitu bat leporatzen diote, eta, bestetik, agintaritzako agenteen aurkako eraso delitua.
Atxilotu eta Ertzaintzaren autora sartzean ere gizonezkoa oldarkor agertu zen. Segurtasun Sailaren arabera, “leihoei ostikoak ematen hasi zen, eta atzeko ezkerreko leihoa apurtu zuen”. Emakumea, bestalde, Gernikako ospitalera eraman zuten lehenbizi, eta Galdakaora ondoren. Ospitaleratuta geratu zen.