
Gernika-Lumoko Udalak 133.000 euro inguru bideratuko ditu aurten, Allende Salazar ikastetxean egokitzapenak egitera. Jose Maria Gorroño herriko alkateak jakinaraz duenez, 90.000 euro inguru inbertituko dituzte bi ikasgela egiteko, eta beste 43.000 euro inguru jarriko dituzte gimnasioko aldageletako lanei jarraipena emateko. Hortaz, “pozik” azaldu da alkatea.
Proiektu garrantzitsuena ikasgela berriena da. Hain zuzen, 43 metro koadroko inguruko bi ikasgela berri izango ditu ikastetxeak, 2014-2015 ikasturtean. Ikasgela horietako bat Lehen Hezkuntzako ikasleek erabiliko dute, eta bestea, aldiz, haurreskolako ikasleek. Egokitzapen lanak apirilean hastea aurreikusten du udalak. Hala, ikasgela berriak erabiltzeko prest egongo lirateke ekainaren amaierarako.
Marian Araucua ikastetxeko zuzendariak jakinarazi duenez, “ikasgela berrien beharrizana genukan”. Hala “pozik” azaldu da Udaleren laguntzagaz gastu horri aurre egiteko aukera izango baitute. Azaldu duenez, azken urteetan gora egin du ikasleen kopuruak. Hortaz, Hezkuntza Sailak zehaztutako ikasleen ratioa mantentzeko, ezinbestekoa zen ikasgela berriak egitea.
Gimnasioko aldagelei dagokionez, bestalde, udalak egokitzapen lanen hirugarren faseari emango dio hasiera. Hala, aldagela berriak laster izango dituzte prest.
Araucua pozik azaldu da ikastetxea hobetzeko pausoak ematen jarraitzen dutelako. Hala ere, eskolak beharrizan gehiago ere badituela ohartarazi du. “Irakaskuntza mundua asko aldatu da, eta egokitzapenak ezinbestekoak dira garai berrietara egokitzeko”.
Barrutialden leihoak aldatuko dituzte
Barrutialde ikastetxean ere zenbait egokitzapen egingo ditu udalak. Jose Maria Gorroño alkateak azaldu duenez, ikastetxe guztiko leihoak aldatzeko bigarren faseari ekingo diote. Hain zuzen, 55.000 euro inguruko aurrekontua dauka udalak, egokitzapenak egiteko. Joan den urtean ere, hainbat leiho aldatu zituzten. Ikastetxeko leiho horiek “zaharkituta eta egoera txarrean” zeudela esan du Gorroñok.