
Ereñoko moto gidaria bikain moldatu da Dakar Rallyan parte hartu duen lehen aldian. Lasterketa amaitu duen lehen bizkaitarra izateaz gain, Dakarra amaitu duen euskal gidari hoberena ere bada gaztea. Hain zuzen, 56. postuan amaitu du munduko rallyrik gogorrena. Emaitza hobea lortzeko aukera ere izan zuen, baina pozik da lortutakoagaz. “Dakarreko helmugara heltzen diren gidari guztiek amaitzen dute pozarren”, dio. Hego Amerikatik bueltan, herrikideen eta lagunen babesa jaso zuen Loiuko aireportuan. Bihar, bestalde, Ereñon bertan egingo diote harrera. Gabika auzotik Eleizaldera moto martxa bat egingo dute zaleek, eta harrera egingo diote udaletxean, 13:00etan. Bazkaritan bilduko dira ondoren 280 lagun inguru.
Dakarrera joan aurretik lasterketa oso gogorra izan behar zela esan zenuen. Hala izan al da?
Dakarrera joan aurretik esan nuen bezala, oso gogorra izan da. Txarrenean pentsatzen joan nintzen, zer gerta zitekeen jakin barik, eta ondo egin dudala baieztatu dit lasterketak berak. Ikaragarri gogorra izan da. Dakar batean edozein huskeriagatik gera zaitezke kanpoan.
Dakarra amaituta, hala ere, pozik egongo zara, ezta?
Oso pozik nago. Helburua Dakarra amaitzea zen, eta asko kosta zaidan arren, soberan bete dudala uste dut. Urtero-urtero hainbat parte hartzailek utzi behar izaten dute lasterketa, baina helmugara heltzeko indarra izan dut.
Dakarra amaitu duen lehen moto gidari bizkaitarra zara, eta euskal gidari batek lortu duen emaitzarik hoberena eskuratu duzu. Poztasuna bikoitza al da?
Egia esan, ez nekien horrela zenik. Nire helburua Dakarra amaitzea zen, bestelako datuei erreparatu barik. Dakar bat amaitzen duen edozein gidari sentitzen da lainoetan. Hala ere, poztasun handia ematen du lasterketa amaitu duen lehen bizkaitarra eta euskal gidari hoberena izateak. Ezin dezaket gehiago eskatu.
Ikusgarria da Dakarra definitzeko berba”
Labur esanda, nola deskribatuko zenuke Dakar Rallya?
Ikusgarria da Dakarra definitzeko berba. Hasiera-hasieratik jende mordoa batzen da gidariei animoak emateko. Argentinan, esaterako, jende andana zegoen ibilbidean zehar. Zaletasun handia dagoela iruditu zitzaidan. Gidarientzat, bestalde, lasterketa ikaragarri gogorra da. Ez dute alferrik esaten munduko rallyrik gogorrena dela.