
Manuel Leginetxe, eserita, arratzuarrak bisitan joan zitzaizkionean
Belendiz auzoan sortutako kazetaria 72 urtegaz hil da, Madrilen (Espainia), gaixotasun baten ondorioz. Kazetaritzan lan ugari egin zituen: gerrako berriemailea izan zen, Colpisa eta Fax Press albiste agentzien sortzailea, bidaiaria eta idazlea. Lanbidearen jardunean, XX. mendeko gertaera historiko ugariren lekuko izan zen: Iran, Aljeria, India, Pakistan, Vietnam, Korea, Libano, Afganistan eta Nikaraguan, besteak beste.
Sari ugari ere jaso zituen. Euskal kazetarien saria jaso zuen 2007an, bizitza osoan zehar “lan bikaina” egin izanagatik. Orduko hartan, “kazetaritza onaren bidean egindako ibilbi- dea aitortu eta txalotu” zizkion Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE), “lur honek eman duen kazetaririk onenetako baten lan profesional paregabea” goraipatuz.
2008an, bestalde, Euskadi Literatura Saria eman zioten, gaztelerazko sailean,
El club de los faltos de cariño libuaruarengatik. Aitorpena jaso zuen momentua bereziki hunkigarria izan zen. Izan ere, arratzuarrak ikasten eta idazten hasi zeneko garaiak gogora ekarri zituen bere hitzaldian. Haren esanetan, ez zuen sekula imaginatuko egiten ari zena bere bizitzako lanik pozgarriena bihurtuko zela.”Mundu osoa zeharkatu eta gero Euskadi Literatura saria bezalako omenaldia jasotzea bihotzez” eskertu zuen.
Urte berean Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaitar Argia saria eman zion. “Egindako lanagaz adierazpen askatasuna eta giza eskubideen balore unibertsalen zabalkuntzan” lagundu duela nabarmendu zuen epaimahaiak. Gernikako arbolaren leloa jarraituz, kazetariak “askatasunaren eta demokraziaren printzipioak bereganatu ditu, errealitatea zentzu kritikoz ikusita”, esan zuten. Leginetxeren idazle sena ere azpimarratu zuten, sarituaren “lan zabala” gogoratuz.
2009an Meritu Turistikoaren Urrezko domina jaso zuen, Gaztela-Mantxan (Espainia), eta Jaurlaritzaren Lan Onari saria eskuratu zuen 2010ean. APCren (Asociacion de prensa de cadiz) saria ere jaso zuen 2010ean, bere ibilbideagatik.
Arratzuarra izan arren, Guadalajarako (Espainia) Brihuega herrian bizi zen Leginetxe. Hori dela eta, Arratzuko Udalak hara joateko autobusa antolatu zuen 2008ko ekainean, omenaldi xume bat eskaintzeko. 41 lagun joan ziren Guadalajarara, herrikideagaz egotera; besteak beste, orduko alkate Josu Sabin Olano eta bi alkate ohi: Jose Luis Zallo eta Manu Mestraitua.
Herriko armarri bat eta aginte makila eman zizkioten Leginetxeri. Horrez gain, Arratzuko seme kuttun izendatu zuten ekitaldi hartan. Herritarrek ere eraman zioten opari bat, Arratzuko baserrietako produktuz betetako otzara ederra, hain zuzen ere.
Urte bereko azaroan, Guadalajarako seme kuttun ere izendatu zuten, eta hiru eguneko egitaraua antolatu zuten horretarako. Omenaldian hartan idazle eta kazetari ugari joan ziren Gaztelako herriraino. Parte hartu zutenen artean, besteak beste, Javier Reverte, Andres Aberasturi, Antonio Perez Henares, Felipe Sahagun eta Gervasio Sanchez izan ziren. Kazetariak pozik hartu zuen aitorpena. Gaztela Mantxako ordezkariak, aldiz, adopziozko Gaztela Mantxako herritarraren ibilbidea goraipatu zuen, eta orain hogei urte bertan ezarri zenetik beste bizilagun bat dela gogoratu zuen ekitaldi hunkigarrian.
Horren aurretik, baina, Gaztela Mantxako seme kuttun izendatu zuen hango gobernuak. 2007an izan zen izendapen hori.
HITZAK ARGITARATUTAKO ALBISTEAK:
-
-
APCren (Asociacion de prensa de Cadiz) saria eman zioten 2010ean
-
-
APCren (Asociacion de prensa de Cadiz) saria eman zioten 2010ean
-
-
Meritu Turistikoaren urreko domina jaso zuen Jose Maria Barreda Gaztela Mantxako presidentearen eskuetatik.
-
-
Manu Leginetxe kazetari arratzuarra eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Bizkaitar Argia saria eman ziotenean
-
-
Arratzuarrak bisitan joan zitzaizkioneko irudia
-
-
Arratzuarrak bisitan joan zitzaizkioneko irudia
-
-
Arratzuarrak bisitan joan zitzaizkioneko irudia. Argazkian, eserita ageri da Leginetxe, eta atzean ditu Arratzuko hiru alkate ohi