
Gernika-Lumoko Gernika Gogoratuz elkarteak ere, elkartasuna adierazi dio Ignacio Sanz Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko (KEM) kideari. Sanzek protesta baketsu baten parte hartu zuen, baina hiru urteko kartzela zigorra eskatzen dute harentzat, Ertzain bati eraso egitea leporatuta.
Gernika Gogoratuz elkartearen babesaz gain, beste hainbat eragileren elkartasuna ere jaso du auzipetuak. Besteak beste, Lokarrik, Bakeolak, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak, Mugituk, Ekologistak Martxanek, SOS Arrazakeriak eta Krista Sareak egin dute bat gazte antimilitaristarekin.
Gernika-Lumoko bakegintza elkarteak azaldu duenez, KEM mugimendu antimilitaristak egin zuen protestarekin bat egiten du, ekintza horren balio sinbolikoa nabarmenduz. “Bakea aldarrikatzeko ekintza baketsu bat zen” esan du Maria Oianguren Gernika Gogoratuzeko kideak.
Bertoko elkarteko ordezkariaren berbetan, “biolentzia gabeko desobedientzia zibilak gizartea eraldatzen laguntzen du”. Hala, gastu militarraren kontra egiteagatik pertsona bat auzipetzea “bidegabea” dela deritzo.
2012ko abenduan burututako protesta baten harira ari dira epaitzen Sanz. Hain zuzen, Garellano erregimenduaren 125. urteurrenaren harira Basurtuko Udaltegian jarritako erakusketa baten kontrako protestan parte hartzeagatik ari dira epaitzen.