Bermeoaldeko Behargintzak lana bilatzeko aholkularitza eskainiko die herritarrei
Enplegu jardunaldien bitartez egingo du hori; langabetuek lana bilatzerako orduan, laguntza eta aholkularitza jaso dezaten. Behargintzak azaldu duenez, “egungo krisiaren ondorioz, egoera ezberdinak bizi dituzten langabetuak daude, eta, horregatik, askok zailtasunak dituzte lana bilatzeko momentuan, eta laguntza behar dute”.
Hori horrela, lan bilaketa aktiboan interesa duten orori zuzendutako enplegu jardunaldiak antolatu ditu Behargintzak otsailerako. Hain zuzen, interesatuak lau egunetan bilduko dira hilabete horretan: otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 10:00etatik 12:00etara, Bermeoko Behargintzan. Bertan, laneratze gaitasunak eta teknikak landuko dituztela jakinarazi du Behargintzak.
Otsailaren 6an, esaterako, lanbide orriaren erabilera landuko dute Behargintzan batutakoek; otsailaren 13an, lan elkarrizketa; otsailaren 20an, taldeko dinamikak, eta otsailaren 27an, azkenik, gizarte gaitasunak lan bilaketaren prozesuan.
Beraz, aipatu jardunaldietan parte hartzeko interesa duenak Behargintzako bulegoagaz jarri beharko da harremanetan, Zubiaur Tar Kepa kaleko 26-28 zenbakietan, www.bermeokoudala.net/behargintza.html helbidean edota 946 17 91 90 telefonoan.