Aurten ere, ez dira esku hutsik bueltatu Bermeoko harakinak Mungiatik; ez, behintzat, Jeronimo Harategikoak. Izan ere, San Antontxu jaien baitan egiten den Euskadiko Odoloste eta Txorizo Txapelketako barazkiz egindako buzkentzik onena bermeotarrena dela erabaki du lehiaketako epaimahaiak.
Jeronimo Mateos, Bermeon duen harategian, iazko sariagaz.
San Antontxuko XVIII. txapelketa ospatu dute asteburuan Mungian, eta azken urteetan egin legez, aurten ere sariagaz etorri dira buletan bermeotarrak. Laugarren aldia da Jeronimo Mateos aipatu txapelketara aurkezten dena, eta hirugarren aldia, barriz, lehenengo saria jasotzen duena. Iaz ere barazkiz egindako odolosta onena bere harategiarena izan zen; arrozaz egindako onena, bestalde, Landabaso harategiarena.
Gainontzeko sariekin bezala, Mungiko sariagaz ere «oso pozik» da bermeotarra; dioenez, Mungia inguru horretan ezagunak dira dagoeneko bere odolostak. «Saria irabazteagatik ez ezik, gustuko dituztelako» ere erosten ditu jendeak Mateosen harategiko odolostak. Izan ere, Bermeoko San Martin azokan ere sarritan irabazia da harakina.
Hainbatetan irabazteko, baina, sekreturik ez dagoela aitortu du bermeotarrak; sekretu bakarra «produktu onekin eta ondo egitea» dela dio. Hala eginez gero, «beti aterako da ondo».
Guztietan, odolosta bera
Txapelketetan irabazten duena, azoketan saltzen duena, zein egunero harategian saltzen duena, odoloste bera dela aitortu du; «jendeak gustuko badu, eta txapelketetan irabazi egiten badut, zertarako aldauko dut?», dio.
Barazkiz egindako odolosta baino ez dute egiten Jeronimo Harategian; alegia, Euskal Herrian ezaguna den odolosta ohikoena. Arrozezkorik, bestalde, ez dute egiten, «bezeroak eskatu ere egiten ez duelako».