
Ibilbidean zehar zenbait arazo izan dituen arren, Txomin Arana moto gidari ereñarra Dakar Rallyaren azken txanpan sartu da. Atzoko hamaikagarren etapan 43. postuan sailkatuta, gainera, bi moto gidari aurreratu ditu sailkapen orokorrean. Hala, 56. postuan ekingo dio Rallyko azkenaurreko etapari.
Atzoko etapa “luzea eta gogorra” izan zen moto gidarientzat. Etaparen lehen zatian pista azkarrei eta harriei egin behar izan zieten aurre parte hartzaileek. Bigarren zatian, bestalde, Copiapo (Chile) inguruko dunak izan zituzten aurkari.
Aranak ez zuen hutsegiterik egin nabigazio arloan, baina eguna ez zen guztiz pozgarria izan. Laugarren
way point-ean arazoak izan zituen azeleragailuagaz. Zikinkeria sartu zitzaion barrura, eta ohi baino indar gehiago egin behar izan zuen azeleragailuari eragiteko. Hala, etapa sailkapenean zenbait postu galdu zituen, helmugara eskuko minagaz helduz.

Gaurko etapan, eskuko mina eta matxurak albo batera uztea espero du gidariak. Horretarako, besteak beste, azeleragailuko kablea, funda eta eskutokia aldatu dizkio motorrari.
Rallyko azkenaurreko etapak 699 kilometro izango ditu; horietatik 350 erlojuaren kontra egingo dituzte gidariek. Irteera El Salvadorren izango dute rallyan jarraitzen duten 78 gidariek. Helmuga, berriz, La Serenan kokatu dute antolatzaileek.
Hasieran lurzoru gogorreko pistetan zehar ibiliko dira moto gidariak. Ibilbide erditik aurrera, baina, Copiapo inguruko dunei egin beharko diete aurre, berriz ere.
Valparaisoko ametsa oso hurbil
Azkenaurreko etapa amaituz gero, Aranak oso hurbil izango du Valparaisoko (Chile) helmugara heltzeko ametsa. Izan ere, azken etapa nahiko laburra da. 535 kilometro dauzka eta horietatik, 157 izango dira erlojuaren kontra. Arana, hala ere, ezin da larregi fidatu. Izan ere, urtero-urtero pare bat gidarik uzten dute rallya azken eguean.

Valparaisoko helmugara helduz gero, bertoko gidariak 8.734 kilometroko ibilbide gogorra burutuko luke. Horietatik, gainera, ia 5.000 erlojuaren kontra egingo lituzke bertokoak.
Amaituz gero, Aranak historia egin dezake euskal motoziklismoan. Izan ere, Dakarrean emaitzarik hoberena lortu duen euskal gidaria bihurtu daiteke ereñarra. Orain arte Euskal Herriko bi moto gidarik bakarrik amaitu dute lasterketa. 2000. urtean, esaterako, Rafael Goizuetak 99. postuan amaitu zuen Dakarra. 2013an, bestalde, Andre Irigoien hazpandarra (Ipar Euskal Herria) 73. postuan bukatu zuen munduko rallyrik gogorrena.