
Maider Urlezaga, Xiomara Gezuraga eta Kattalin Gorostiza, Barrutialdeko sarreran
Joan den urtean Arratzuko ikastetxeak kalitate ziurtagiri bi jaso ditu, Etwinning programaren proiektu batean parte hartzeagatik. Lehendabizi, Espainiak emandako ziurtagiria jaso zuen, eta horren ostean, Europar Batasunaren kalitate ziurtagiria eman zioten.
Arratzuko ikasketa zentroa matematika, ingelesa eta kultura uztartzen zituen proiektu batengatik saritu zuten. Hain zuzen, Errumaniako, Frantziako, Belgikako eta Erresuma Batuko zenbait ikastetxegaz batera parte hartu zuen proiektuan, 2013an. Egitasmo hori DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta zegoen, eta Barrutialdetik bi talde eleanitzek egin zuten bat.
Maider Urlezaga eta Kattalin Gorostiza proiektuan parte hartu zuten ikasleetako bi izan ziren. Azaldu dutenez,
“esperientzia aberasgarria eta ederra” izan zen parte hartzeko aukera izatea. Etwinning programari esker, Europako zenbait kultura eta ohitura oso desberdin ezagutzeko aukera izan dute ikasleek, matematika eta ingelesa lantzen zituzten bitartean. Izan ere, atzerriko eskoletatik bidalitako ingelesezko mezuak kode matematikoen bitartez deszifratu behar zituzten ikasleek. Horretarako deskodifikazio teknikak erabili zituzten.
Gauza berriak ikasteko metodo oso egokia da, jolas modura hartzen baita ikasketa prozesua”
Urlezagak eta Gorostizak diotenez, gustura parte hartu zuten programan, eta, gainera, gauza berri asko ikasi zituzten. Horregatik guztiagatik, errepikatzeko prest egongo liratekeela esan dute. Hori bai, ezagupenak pilatzen jarraitze aldera, eskola desberdinekin jarri nahiko lukete harremanetan.
Esperientzia oso onuragarria dela iritzita, Xiomara Gezuraga Barrutialdeko ikasketa buruak ez du baztertzen etorkizunean egitasmoa berreskuratzea. “Gauza berriak ikasteko metodo oso egokia da, jolas modura hartzen baita ikasketa prozesua”. Busturialdeko ikastetxearen kasuan, matematika eta ingelesa landu zituzten ikasleek, baina Etwinning plataformaren bitartez milaka gai jorra daitezkeela esan du Barrutialdeko ikasketa buruak. Hala, “ikasteko hainbat aukera dibertigarri” eskaintzen dituela deritzo.