
2006an Foruan egindako elkarretaratze bat
Asier Arronategi foruarra berriro espetxeratu dutela eta, Busturialdeko herritar talde batek protesta egitera deitu ditu eskualdeko biztanleak. Hain zuzen, manifestazio bat iragarri du biharko. Gernika-Lumoko kaleak betetzera deitu dute, “eraso berri horri erantzun sendoa” emateko. Merkurio Iturriaren ondotik hasita, 19:00etan izango da manifestazioa.
2003an atxilotu zuten foruarra Mexikon, ETAko kide izatea leporatuta, eta 2008an espainiaratu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri zion kartzela zigorrari helegitea jarri zion, eta hori ebatzi bitartean baldintzapeko askatasuna onartu zioten 2008an. Orain, baina, beste hamahiru hilabeteko kartzela zigorra bete beharko duela ebatzi dute.
Manifestazioaren deitzaileen iritziz, “iraganeko errezetak ezin dira gaurko botika izan”. Horregatik, ez dute ulertzen hainbeste urte etxean egin dituen herritar batek kartzelara bueltatu behar izatea. Aginduari “mendeku kiratsa” dariola deritzote. Gauzak horrela, protestarako deia egin dute, Espainiari “Busturialdearen haserrea adierazteko”. Izan ere, Arronategi espetxeratzea “bidegabeko neurria” dela diote. Sortuk ere manifestaziogaz bat egin du.