
Txomin Arana moto gidari ereñarra arazo larriak izaten ari da Dakar rallyko gaurko etapan (bederatzigarrena). Erlojupeko proba hasi eta gutxira, bertoko gidariak arazo asko izan ditu gasolinaren ponpagaz, eta, azkenean motorra geratu behar izan du. Zeramatzan erremintekin motorra konpontzea lortu du, baina, dagoeneko, bost ordu inguru galdu ditu bertokoak. Aranari ia lasterketa osoa geratzen zaio aurretik, baina helmugara iritsiz gero, biharko etapa lehiatzeko aukera izango luke. Hala, Valparaisoko helmugagaz amets egiten jarraitzeko aukera izango luke.
Bertokoa rally bikaina egiten zebilen gaurko etapara arte. Egunero egunero maila ederra eman du, adituen miresmena jasoz. Hortaz, gaurko etapak ez du ilunduko ereñarrak orain arte egindako lana. Aranaren helburua, Valparaisoko helmugara heltzea zen rallya hasi aurretik. Hala, momentuz, helburua betetzeko bidean jarraitzen du.