
Urtarrilagaz batera, Gernika-Lumoko Udalak San Bartolome kaleko (Errenteria auzoa) egokitzapen lanak hasi zituen. Udalak jakinarazi duenez, baina, kalea “martxora arte” izango da obretan. Hala, suerta daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu du aldez aurretik.
Egokitzapen lanen helburuak herritarren “irisgarritasuna eta segurtasuna” bermatzea dira. Horretarako, 3,5 metroko granitozko espaloiak jarriko dituzte, errepidearen altura berdinean. Egokitzapen lanetarako 240.000 euroko aurrekontua daukala jakinarazi du udalak.

Egokitzapen lanak direla eta, trafikoa bideratu dute beharginek. Hala, Lorategietatik sartzen diren autoek ondoko kale batetik zeharkatu behar dute Errenteria auzoa.