
Antzezlan bat, Lizeo Antzokian
Urtea hasteagaz batera, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokira bazkidetzeko epea ireki du kultur etxeak. Urtean 35 euro ordainduta, zenbait onura izango dituzte bazkideek. Hain zuzen, Lizeo Antzokian nahiz Elai-Alai aretoan programatutako ekitaldi guztietan %25eko deskontua edukiko du bazkideak, eta, gainera, ikuskizunen baterako bi sarrera lortuko ditu doan, eta zinemarako sei. Halaber, Euskadiko Antzoki Publikoen Sarean (Basauri, Barakaldo, Santurtzi, Elorrio, Zornotza, Durango, Galdakao, Ermua, Leioa, Getxo, Arrigorriaga…) ere deskontuak edukiko ditu. Familia abonua ere eskura daiteke. Berorren bidez, familia bereko hiru kide edo gehiago Lizeo Antzokiaren bazkide eginda, urteko kuota 30 eurokoa izango da.
Kultur etxeak herritarrak animatu ditu bazkidetza egitera. “Egin zaitez Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiaren bazkide; horrela, onura ekonomikoak edukiko dituzu, eta baita sarrerak erreserbatzeko lehentasuna ere. Programatutako ekitaldiei buruz unean-unean informazioa edukiko duzu, eta, aldi berean, zure fideltasunaz gure herriaren garapen kulturala babesten lagunduko duzu”.