
Bermoen batzartu ziren atzo, bertako eta Pasaiako alkateak
Bermeon batu ziren atzo Amaia Agirregabiria Pasaiako alkatea eta Idurre Bideguren Bermeoko alkatea. Hala, herri horietan izandako sute larrien aurrean egindako kudeaketari buruz hitz egiten aritu ziren, eta, era berean, esperientziak elkarbanatu zituzten. Horiekin batera, Pasaiako eta Bermeoko Hirigintza zinegotziak, Lexuri Telletxea eta Juan Karlos Goienetxea, hurrenez hurren, eta Pasaiako eta Bermeoko Gizarte zerbitzuetako zinegotzi eta alkateorde diren Juan Ramon Cano eta Josu Unanue ere egon ziren atzoko batzarrean. Besteak beste, Bermeok apirilaren 11n bizitako sutearen aurrean hasiera batean eman zen erantzuna eta ondoren emandako pausoak azaldu zizkien bertaratutakoei Bidegurenek, “ahal den guztian laguntzeko helburuagaz”.
Sutearen ondorioei aurre egiteko herrian “ahalegin asko” egin dituztela eta egiten ari direla aitortu du Bermeoko alkateak, eta “teknikoen, herritarren eta, batez ere, kaltetuen jarrera eredugarria” nabarmendu du. “Normaltasuna berreskuratzeko asko gelditzen zaigu oraindik, eta erakunde arteko laguntza oraindik funtsezkoa da”, adierazi du Bidegurenek.
Pasaiako alkateak, bestalde, batzar horretan, “Bermeon sutearen aurrean emandako erantzuna ezagutu nahi” izan du; hartara, nondik jo behar duten eta nondik ez jakin ahal izateko. “Guretzat laguntza bat da, segurtasuna ematen diguna”, azaldu du.
Alkate biak harremanetan
Aurrez aurre atzo batu baziren ere, Pasaiako sutea gertatu eta lehenengo egunetan ere harremanetan izan ziren bertako eta Bermeoko alkateak. Pasaiako sutearen berri izan zuen momentuan, Bermeoko alkateak “hotzikarak” sentitu zituela aitortu du; Bermeoko sutea orain dela gutxi gertatu delako eta “oraindik ondorioak pairatzen” ari direlako. Hala, Agirregabiriarekin jarri zen harremanetan ahal den guztian laguntzeko asmoz. Herri bi horietako teknikoak ere, lehenago batzartuak izanak dira.