Gure Esku Dago plataformako Bermeoko lantaldeko kide Inma Mentxaka (Bermeo, 1955) eta Endika Etxebarria (Bermeo, 1988). Dinamikaren nondik norakoez eta eguaztenean Bermeon egingo duten aurkezpen ekitaldiaz mintzo dira.
Zer da ‘Gure Esku Dago’ eta zertan oinarritzen da?
Endika Etxebarria: Goierrin jaiotako plataforma herrikoi bat da
Gure Esku Dago. Erabakitze eskubidea defendatzen du; azken finean, Nazio Batuen Erakundeak onartzen duen eskubide bat delako herri guztiak bere etorkizuna erabakitzea. Gure kasuan, Espainiako eta Frantziako gobernuek diote ez dela demokratikoa, legez kanpo dagoela. Dena den, guk uste dugu ez dagoela beste ezer demokratikoagorik, herri bati bere etorkizuna erabakitzen uztea baino.
Inma Mentxaka: Gure Esku Dago 2013ko ekainean aurkeztu zen lehenengoz Irungo
Ficoban.

Inma Mentxaka eta Endika Etxebarria, plataformako kideak
Zeintzuk dira plataforma horren helburuak?
Mentxaka: Ideia hauetan oinarritzen da
Gure Esku Dago: batetik, gu herri bat gara; bestetik, erabakitzeko eskubidea dugu, eta, azkenik, herriaren abagunea momentu ona da, egun, herriak berak parte hartzeko, kontuan hartuta, Kataluniak eta Eskoziak ere bidea egina dutela. Ideia horiekin instituzioetatik egin ezin dena egin nahi dugu guk. Gainera, alderdi politikoekin loturarik ez duen plataforma bat da; alegia, norbanakoez osatutakoa da Helburua da, beraz, herri bakoitzean, sentsibilizazio ezberdinetako pertsonak batzea. Hala batu gara, esaterako, Bermeon, alderdi eta adin ezberdinetako pertsonok. Endika eta biok hasi ginen Bermeon, eta, orain 23 lagun gara.
Ekainaren 8an Giza Kate bat egiteko asmoa du plataformak Euskal Herrian. Zentzuk dira erronkak?
Mentxaka: Gutxienez, 50.000 pertsona batzea eskatzen da Euskal Herri mailan; hala ere, askoz jende gehiagok parte hartzea espero da eta giza kate jendetsu bat egitea. Erronka, hain zuzen ere, 100.000era ailegatzea da. 123 kilometroko ibilbiea egingo da egun horretan, Durangotik hasi eta Iruñearaino.
Zein kilometro du Bermeok?
Mentxaka: Bermeok 6. eta 7. kilometroak ditu, Abadiño-Atxondo eta Atxondo-Elorrio, hain zuzen ere. Aurreikusten dugu kilometro bakoitzeko 400 pertsonak parte hartzea, beraz, Bermeoren kasuan, kilometro bi dituenez, gutxienez, 800 pertsona izatea espero dugu. Dena den, kopuru hori bikoiztea gustatuko litzaiguke.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko gainontzeko herriek zein kilometro dute?
Etxebarria: Gernika-Lumok 8 eta 9 kilometroak izango ditu, eta Busturialdeko gainontzeko herriek, barriz, 10.kilometroa. Lea-Artibairen kasuan, 11. kilometroa Ondarroak izango du, 12.a Lekeitiok eta 13. Lea-Artibaiko gainontzeko herriek.
Parte hartu nahi duenak zer egin beharko du?
Mentxaka: Gonbidapen edo txartelen bitartez parte hartu ahalko da; bakoitzak metro bat ordainduta, bost eurotan.
Etxebarria: Dena den, 16 urtetik gorakoek bakarrik ordaindu beharko dute. Diru hori Giza Kateko metro horretarako ez ezik, gainerako gastuak ordaintzeko ere izango da; izan ere, instituzioen aldetik, ez dugu dirurik lortzen. Dinamika, aginera, ez da Giza Kateagaz amaituko; aurrera begira, dinamika ezberdinak egiten jarraituko baitugu. Apuntatzeko, edo informazio jasoteko, beraz, urtarrilaren 17an BBKren lokala izandakoan –Goiko plazan– izango gara, goiz eta arratsaldez. Bestela, Facebook-eko orrialdean (Gure ESku Dago Bermeo) ere eskuratu ahalko da informazio gehiago.
Ekainaren 8a orduko, beste zerbait antolatu al duzue?
Mentxaka: Eskuak osatu dinamika jarriko dugu martxan: esku erraldoi bat margoztuko dugu lurrean, gero, pertsonen eskuekin osatzeko. Bermeoren kasuan, otsailaren 22an egingo dugu hori.
Etxebarria: Egun hori
Gure Esku Dago eta
Eskuak Osatu dinamikaren eguna izango da; beraz, goizetik hasita, egitarau bat antolatzeko asmoa daukagu, herrian giroa sortzeko. Suposatzen da, aurrerago, eskua osatutako herri horiek guztiak, Bilbon batuko garela apirilean, esku handiagoa sortzeko. Ekainaren 8an egun eta jai erraldoi bat sortu nahi da, baina horren aurretik ere, dinamika ezberdinak egin nahi ditugu egun horri begira.
Eguaztenean, esaterako, aurkezpen ekitaldia egingo duzue Bermeon.
Etxebarria: Bihar, 19:30ean Bermeok Kafe Antzokian egingo dugu aurkezpena. Bertan, Urtzi Urrutikoetxeak
Gure Esku Dago plataforma zer den azalduko du sakon. Guk, barriz, Bermeoko dinamikak zeintzuk diren azalduko ditugu. Aurkezpenean, gainera, bideoa eta abestia ikusi eta entzungo ditugu eta argazki bat ere aterako dugu elkarrekin.