Ilusioagaz, erantzukizunagaz eta zuhurtziagaz landu du udalak 2014rako aurrekontua, horren bitartez, egoera ekonomikoa hobetzea eta denen artean etorkizun oparoa lortzea bilatuz. Hain justu, 2014rako 16.275.694 milioi eurotako aurrekontua onartu du Bermeoko azken osoko bilkurak; iaz baino 1,01 milioi euro gutxiago, alegia. Erakunde autonomoetakoa ere kontuan hartuz, barriz, 19,7 milioi euroko aurrekontu bateratua izango du. Bilduren aldeko botokekin eta EAJkoen kontrakoekin onartu du udalbatzak 2014rako aurrekontua.
Bermeoko Udalaren arazo ekonomikoei aurre hartzea eta diruzaintza arazoak konpontzea da asmoa, eta, horretarako, “gardentasuna oinarri duen kudeaketa eredugarri bat lantzeko pausuak ematen” dabil udala, bre helburuak lortzek “ezinbestekoa” dela iritzita.

Bermeoko azken osoko bilkuran onartu du 2014rako aurrekontua udalbatzak
Gauzak horrela, aurrekontuak “diru sarreren arabera” landu dituztela azaldu du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak; izan ere, azken urteetan, diru sarrerek behera egin duten bitartean, gastuak garestitu egin direla –KPI eta BEZaren ondorioz– azaldu du alkateak. Horregatik, gastuen kulturatik kostuen kulturara pausuak ematen ari dira , aurrekontuak helburuen arabera landuz.
Aurtengo aurrekontuekin, Bermeo sozioekonomikoki indartzea izango da udalaren lehenbiziko helburua; hala, “kalitatezko enplegua sortzeko eta mantentzeko ekimenak (enplegu plana, prestakuntza, lan orientazioa…), bertoko produktuak bultzatzeko ekimenak (azokak, plaza biziberritzea, arrain azoka…), ondarea sustatzeko jarduerak (herriko ondarea mantendu, itsasoari loturiko jarduera berriak sustatu…), turismo eredu berdea garatzeko proposamena eta merkataritza lehiakorra izateko bitartekoak jartzea” aurreikusten du aurrekontuetan udalak.
Halaber, desoreka sozialei aurre egiteko programak lantzean ere jarriko ditu indarrak udalak; hartara, “egoera zailean dauden herritarrei kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatuz”.
Aipatu aurrekontuetan, gainera, herritarren bizi kalitatea bermatzeko programa eta zerbitzuek eta Bermeoko eraldaketan lan egiteko ekimenek ere berebiziko garrantzia dutela azaldu du alkateak. Aurrekontuen arabera, besteak beste, aparkalekuen arazoa aztertzea, udal eraikinen egoerari irtenbideak bilatzea, oinezkoei lehentasuna emateko guneak ezartzea, Alde Zaharra biziberritzeko pausuak atzertzea eta hirigintzan garapen jasangarria lantzeko ekimenak egitea aurreikusten du udalak.
Horregaz batera, emakumeen berdintasun plana, auzo taxiak, gazteriaren diagnostikoa eta hortik jasotako ekimenak eta kirola eta osasuna lotzen dituzten ekimenak lantzeko asmoa ere erakutsi du Bermeoko Udalak.
2014an, gainera, informazioaren, komunikazioaren eta parte hartzearen aldeko apustua egingo du udalak; izan ere, kudeaketa garden eta eraginkor bat egin nahi du, “ondo antolatutako erakunde batek soilik eman ahal dituelako emaitza onak”.
Ikuspegi sozial “oso eskasa” duen aurrekontua
Bermeoko EAJk, bestalde, uste du “ikuspegi sozial oso eskasa duen aurrekontua” onartu duela Bilduk; alegia, gizartearen errealitatera egokitzen ez den proiektua dela uste du oposizioak. Jeltzaleen ustez, aurrekontu horiek “beharrizan politiko hutsak asebetzea” soilik dute helburu, eta horietan, “herritarra ahaztuta” geratzen dela kritikatu du.
Ez dituela zalantzan jartzen aurrekontuaren ez sarrera ez gastuak azaldu du EAJk; dena den, nondik kendu edo murriztu eta non erabili zehazten duen proposamena egin dio udal gobernuari. Hain zuzen, 16.2 milioi euro horietatik 144.100 euro beste arlo batzuetan erabiltzea proposatu dio.
Batetik, 40.000 euroko kostua duen prentsa-aholkulariaren gastua kenduko luke EAJk, eta, bestetik, orain arte kanpoko enpresek egin dituzten zenbait koordinazo lan ere barruko baliabideekin egingo luke oposizioko taldeak, hartara, 70.000 euro aurreztuz.
Bestalde, jeltzaleen arabera, “lehentasuna duten zerbitzu batzuetan hutsuneak” ageri dira Bilduren aurrekontuan. Alkatetzan, esaterako, gizarte ekintzetara 20.000 eta Gurutze Gorrira 10.000 euro bideratzeko proposamena egin dute. 0-3 urte arteko umeak eskolaratzeko diru laguntzak ere Bilduk “desagertarazi” egiten dtuela-eta, 12.000 euro txertatzea proposatu du.
Euskara sailera ere, bideratuko luke EAJk diru kopuru bat: hain zuzen, 6.100 euro txertatuko lituzke, herritarrek zuzenean jasotzen dituzten diru laguntzetarako; esaterako, gidabaimena euskaraz ateratzeko, errotuluak euskaraz jartzeko eta euskaraz ikasteko.
Bermeoko auzokideei kalitatezko bideak eskaintzea “nahitaezkoa” dela iritzita, Lurgintza sailera 20.000 euro bideratzeko proposamena egin die jeltzaleek Bilduri, eta, gaztetxoenen zerbitzuetara, barriz, 16.000 euro bideratzea, Ludotekako arduradunak kontratatzeko.
“Merkataritza bizi daukan herria herri bizia delako”, barriz, denbora mugatuko duen errotazio aparkaleku sistema bat ezartzea ikertuko duen proiektu bat egiteko 6.000 euro esleitzea proposatu du EAJk.
Gizarte zerbitzuetan hutsuneak
“Zoritxarrez”, gizarte zerbitzuetan ere, “hutsuneak” aurkitu dituztela nabarmendu dute jeltzaleek; horien artean, esaterako, Emakumearen arreta zerbitzua “desagertarazi” izana kritikatu dute. Hala, eta gizarte ongizate patronatuko programak indartu eta boluntariotza programa barriak martxan jartzeko, 50.000 eurotako transferentzia egitea proposatu dute.
Beraz, “aipatutako hutsune larriengatik eta aurreztu daitezkeen gastu asko daudelako”, eman dio kontrako botoa EAJk Bilduren aurrekontuari. Gainera, udal gobernuak negoziaziorako tarterik eman ez izana ere salatu du EAJk, eurek aurkeztutako guztitik, 15.000 euroko “erantzun xumea” izan baitute.