
Nerea Llantada eta Begoña Landa azalpenak ematen
Nerea Llantada Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kideak azaldu duenez,
Zainduz programak etxeko pertsona nagusiak edo bestelako menpekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko ardura daukaten herritarren bizi kalitatea hobetzea bilatzen du. Hala, menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzat programa oso aberasgarria da, Llantadaren ustez.
Mankomunitateak joan den udazkenean jarri zuen martxan Zainduz programaren bigarren ikasturtea, eta datozen hilabeteetan izango du jarraipena. Urtarrilean, esaterako, tailer bat eta zortzi hitzaldi emango dituzte mankomunitateko kideek. Zenbait kasutan, gainera, Ertzantzako eta Osakidetzako zenbait kidek lagunduko dute hitzaldiak ematen. Otsailean, bestalde, hamabi saio gehiago egingo dituzte bertoko herrietan, baina datak zehaztu barik daude.
Udazkeneko, urtarrileko eta otsaileko saioak kontuan hartuz gero, mankomunitateak 29 hitzaldi eta tailer emango ditu 2013-2014 ikasturtean. Hala, emaitza “oso positiboa” dela deritzo Llantadak. Lehenengo ikasturteagaz alderatuz gero, parte hartzeak gora egin zuen udazkenean. Hala, 2014ko saioetan ere parte harzteak gora egitea espero dute.
Hitzaldiak emateaz gain, bestalde, mankomunitateak informazio kanpaina bat, etxez etxeko zaintzaileentzako prestakuntza tailerrak, eta banakako zein taldekako laguntza psikologikoa eskainiko ditu.
Urtarrileko saioak
- Hilaren 15ean, 22an eta 29an (Gernika-Lumon): Zaintzaileentzako tailerra. Gai hauek landuko dituzte: norbere buruaren zaintza, nola erabili gure denbora eta zaintzaileentzako mugak. 18:30eatik aurrera.
- Hilaren 19an (Kanalan): Elikadura osasuntsuari buruzko hitzaldia,12:00etan.
- Hilaren 21ean (Busturian): Autonomia pertsonalari buruzko hitzaldia,18:00etan.
- Hilaren 23an (Forua): Alzheimerrari eta dementziari buruzko hitzaldia,18:30ean.
- Hilaren 24an (Mundakan): Autonomia pertsonalari buruzko hitzaldia, 19:00etan.
- Hilaren 28an (Ibarrangelun): Alzheimerrari eta dementziari buruzko hitzaldia,18:00etan.
- Hilaren 29an (Mendatan): Lapurretei eta iruzurrei aurrea hartzeko hitzaldia,18:00etan.
- Hilaren 30ean (Arratzun):Lapurretei eta iruzurrei aurrea hartzeko hitzaldia, 17:30ean.
- Hilaren 31n (Gautegiz Arteaga): Alzheimerrari eta dementziari buruzko hitzaldia, 18:00etan.