
Guardia Zibilaren operazioa Lekeition. Arantxa Zulueta abokatuaren etxea miatze ari dira
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontrako polizia operazioa burutu zuen atzo Guardia Zibilak. Zortzi lagun atxilotu ditu Euskal Herrian, eta hori salatzeko mobilizazioak egingo dituzte gaur Gernika-Lumon eta Bermeon.
Hain zuzen, 19:30ean Merkuio iturritik aterako da gaur manifestazioa Gernika-Lumon; eta Bermeon 18:30ean aterako dira Goiko Plazatik,
Irtenbideari erasorik ez! lelopean.
Jorge Fernandez Diez Espainiako Barne Ministroak baieztatu du zortzi direla operazioan atxilotutakoak, baina nortzuk diren oraindik ez dute baieztatu. Espainiako hedabideen arabera Arantxa Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz dira. Lekeition, Arantxa Zulueta abokatuaren etxea miatu du Guardia Zibilak,
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak informatu duenez.
Atzo, 17:15ean,
lau Guardia Zibil atera ziren Zuluetaren etxetik, atea botatzeko tresna eskuetan zutela.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako barne ministroak Bartzelonatik egin zituen adierazpenen arabera, atxilotuei ETAko kide izatea egotzi diete. “ETAren aurkako beste kolpe bat da, beste garaipen bat”, adierazi du Fernandezek. Fernandezen berbetan, “ikerketen arabera ETAren talde klandestinoa osatzen zuten atxilotuek”.
19:00etan manifestazioa egin zuten hainbat lagunek Lekeition
, eta Ertzaintzaren hainbat furgoi ere heldu ziren protesta egiten ari zirela.
Erreakzioak
Hainbat izan dira polizia operazioa gaitzetsi duten alderdi politiko, sindikatu eta elkarteak.
Aralarrek dio “oso larria” dela presoen abokatuak atxilotu izana eta berehala aske uztea exijitu du: “Seigarren Epaitegi Zentralak, Barne Ministerioak eta indar polizialek gaur Etxerat eta beste kolektibo batzuetako abokatuen kontra egin duten jarduera gaitzesten du Aralarrek, honako arrazoiengatik: Giza eskubideen aurkakoa delako; bakearen aurkakoa delako, hain zuzen, estatuaren laguntzarik gabe gure gizartean egonkortzen ari den bakearen aurkakoa delako; eta Abokatuen eskubide profesionalen eta, oro har, gizarte osoaren aurkakoa delako”.
Lokarrik ere atxiloketak salatu nahi izan ditu. “Espainiako Gobernuak itxaropena geldiarazi nahi du”. Atxilotuak aske uzteko eskatu du Lokarrik: “Gaur arte egin duten lana neurri handi ala txikiagoan kritikatu ahal da politikoki, baina inola ere ez da delitu”.
LAB sindikatuaren iritziz, Operazio poliziala «errepresiboa, antidemokratikoa, politikoa eta mediatikoa» izan dela esan du sindikatuak. Halaber, atxiloketok Espainiar estatuaren «mendeku gogoaren» isla direla gaineratu eta langileei atxiloketen aurkako salaketa lantokietara helarazteko eskatu die.
ELAk ere
atxilotuak “berehala aska ditzatela” exijitu du: “Erabaki horrek, zeina oraingoan ere erabilera mediatikoarekin batera etorri baita, eskubide demokratikorik oinarrizkoenak urratzen ditu. ELAk ebidentzia bat nabarmendu nahi du: gure herrian normalizazio politikorantz egiten diren aldebakarreko urratsekin pozten ez diren indar bakarrak PP eta eskuin muturreko beste erakunde satelite batzuk dira”.
Al
ternatiba alderdiarentzat “onartezina” da operazioa “presoen kolektiboak bakearen alde inoiz baino urrats gehiago egiten ari denean” gauzatzea. Alternatibako bozeramaile nazional Asier Vegak, estatuko segurtasun indarren “legezko oinarrik gabeko enegarren operazioa” salatu du.
Sortuk ere operazioa ozen salatu nahi izan du: “Konponbidearen aurka Alderdi Popularrak burutu duen enegarren saiakera dugu hau. Ez daukagu inongo zalantzarik esateko bakearen etsaiek agindu eta gauzatu dutela gaurko operazioa.
Ernai gazte erakundeak, bere aldetik, “gogor” salatu du operazioa. Espainiako Barne Ministerioaren prentsa oharrarekin gertatutakoa gaitzetsi du: “Espainiako Gobernuaren jarreraren, jardunaren eta talante demokratikoaren analogia bikaina: txapuzeroak. Txapuza hau da zoritxarrez Espainiako Gobernuak EPPKren iniziatiba garrantzitsuari eta preso ohien adierazpenari ematen dion erantzun negargarria da”.
Euskal Herrian Euskarazek ere salatu du gertatzen ari dena: “Hizkuntza ordezkapena eta euskararen kontrako debeku eta erasoak herri honen ahotsa isilarazteko erabili dituzten gisa berean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren abokatuen kontrako polizia operazioak gatazkaren konponbidea eskatzen duen herriaren hitza isilarazi nahi” du. Erasoei aurre egiteko “jarrera ajtiboa” eskatu du EHEk, eta larunbateko mobilizazioan parte hartzera deitu du.
Operazioa “justifikatuta” egotea espero du Lakuak
Euskal Herriak bizi duen aro berri honetan Guardia Zibilak gaur burutu duen polizia operazioa “justifikatuta” egotea espero du Gasteizeko gobernuak. Hala, gaurko atxiloketen inguruan, “zuhurtzia eta arduratsu jokatzea” eskatu du Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lehendakari Iñigo Urkulluk.