Gernika-Lumoko Kultura Batzordeak hilaren 18an abiaraziko du Pasealekuko parte hartze prosezua. Eskola zahar izandako eraikin biak hutsik daudela baliatuta, Pasealekuko eraikinetan herritarrentzat aberasgarriak izango liratekeen zenbait zerbitzu eskaintzea nahi du Gernika-Lumoko biztanle talde batek. Horretarako, baina, bertoko herritarren laguntza eskatu dute. Parte hartze prozesu bat zabalduz, herriari hitza eman nahi diote proiektuaren sustatzaileek.
Gernikarrek 2013ko hasieran ekin zioten bideari. Zentzu horretan, Pasealekuari buruzko lan talde bat sortu zuten. Abendutik aurrera, bestalde, parte hartze prozesuaren kanpaina gauzatzen ari dira kultura batzordeko kideak. Azaldu dutenez, kartelak jartzen ari dira jendeari prozesuaren berri emateko. Modu berean, eskuorriak ere ari dira banatzen, informazioa zabalduz.
Pasealekuko parte hartze prozesuak eskola zaharrekin zer egin erabakitzeko balio izango du; eta, gainera, politika egiteko beste modu bat egon badagoela bistaratuko du, bertoko biztanleak herrigintzan inplikatuz. “Parte hartze prozesuak beste eremu batzutara zabaldu daitezkela uste dugu, eta Pasealekua lehen harria izango da”.
Kultura Batzordeko kideen berbetan, “egungo egoera ekonomikoan zaila izango da proiektu handi eta garesti bat egun batetik bestera gauzatzea”. Hala, Pasealekuko egokitzapena “gutxinaka” egin beharko dela deritzote. Garrantzitsuena, hala ere, martxan jartzea dela diote.
Data garrantzitsuenak
- Urtarrilaren 18an. Parte hartze prozesuaren aurkezpena egingo du Pasealekuko Lan Taldeak. Parte hartze prozesuari buruzko azalpenak emango dituzte, helburuen berri emanez.
- Otsailean. Lehenengo eztabaida fasean egoeraren diagnosia egingo dute. Herriaren beharrizanak aztertuko dituzte.
- Martxoan. Bigarren fasean Pasealekuak zein beharrizan bete ditzakeen eztabaidatuko dute, lehentasunak finkatuz.
- Apirilean. Azken fasean ondorioak aterako dituzte parte hartzaleek. Zein proiektu gauzatuko diren erabakiko dute, zehaztapen arkitektoniko sinple bat eginez.