Gure etxe inguruan bizi diren hegaztiei buruzko ezaguera handitzea helburu,
Inguruko hegaztiak proiektuan parte hartzen ari da Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroa. Hala, hegazti horiek herritarren etxe ondoan elikatzeko aukera izan dezaten, janlekuak erabiliko dituzte martxora bitartean. Jantoki horiek zentrora bertaratzen diren umeek egingo dituzte, zapatuan hasi eta martxora bitartean, zenbait egunetan.
Umeak hegaztien jantokia behatzen
Hain zuzen, urtarrilaren 11n, 19an eta 26an, otsailaren 2an eta 15ean, eta martxoaren 15ean eraikiko dituzte jantokiook, 17:00etatik 18:30era, Madariaga Dorretxean bertan. Sei urtetik gorako umeei zuzendutakoa da, eta parte hartzen duen bakoitzak euro bi ordaindu beharko ditu. Horretarako, interesatuak izena eman beharko du 94 687 04 02 telefonora deituta, edota
info@torremadariaga.org helbidera mezua idatzita. Jantokiak eraikitzeaz gain, espezie ezberdinak identifikatzen saiatuko dira parte hartzaileak, behaketarako material ezberdinez baliatuta.
Janari eskuragarritasuna murriztuz, neguan
Euskadiko Biodibertsitate Zentrotik azaldu dutenez, “hegaztiek janari nahikoa izaten dute udaberri eta uda aldean eta erraz aurkitzen dituzte intsektuak eta fruituak elikatzeko; dena den, neguaren etorrerarekin batera, janari eskuragarritasuna murriztuz doa apurka-apurka eta tenperaturaren jaitsieraren ondorioz, hegaztiok erraz hurbiltzen dira guk jarritako janlekuetara beharrezkoak dituzten karbohidrato eta gantzen bila”.
Beraz, garai horretan betetzen dute janlekuek funtziorik garrantzitsuena; hain justu, janlekuak jartzeko garairik aproposena abenduaren hasieratik martxoaren bukaera arte izan ohi dela azaldu dute zentrotik.
Inguruko hegaztiak proiektua abenduaren 2an abiarazi zuten, eta martxoaren 16ra arte iraungo du. Hala, tarte horretan, Busturiko zentroak identifikatutako espezie ezberdinei buruzko informazioa bilduko du, proiektuaren bukaeran Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerrekoei helarazteko.