Tren bat
Euskotrenek Bizkaiko hiriburuaren eta Busturialdearen arteko joan-etorrien tren eskaintza zabalduko du gaurtik aurrera. Hala, lanegunetan tren zerbitzu zuzenak eskainiko ditu Gernika-Bilbo ibilbidean. Gaurtik aurrera, gainera, Bilboko Tranbiaren irteera ordua Atxuritik eta La Casillatik bi minutu aurreratuko du, Atxurin Euskotreneko tren zerbitzuarekin lotura errazteko. 13 izango dira tren zerbitzu zuzenak.
Tren zuzenak Gernika-Lumoko, Lurgorriko, Boluetako (lotura Metro Bilbaorekin) eta Atxuriko (lotura Bilboko Tranbiarekin) geltokietan baino ez dira geratuko. Horri esker, bidaia 10 minutu laburragoa izango da. Gernika-Lumotik abiatzen diren tren zuzenek, beraz, Boluetako geltokira 32 edo 30 minututan heltzeko aukera emango dute, trena Gernika-Lumon edo Lurgorrin hartu izanaren arabera. Atxurira heltzeko 36 edo 34 minutu beharko dira.
Zerbitzu zuzenaren prezioa zerbitzu erregularrarenaren berdina izango da. Hala, “Euskotrenen hileko bonoarekin, bidaia 1,38 euro ordainduz, Euskotrenek 29 minututan eramango zaitu Bilbora Durangotik, eta 38 minututan Gernikatik. 30D Gaztea Bonoarekin, berriz, bidaia bakoitzak 1,10 euro balioko ditu”.
Bestetik, eta Atxurin hiritarrei Euskotrenen tren eta tranbia zerbitzuen arteko lotura errazteko helburuz, tranbien irteera ordua Atxuritik eta La Casillatik bi minutu aurreratuko du Euskotrenek.