
Kontxako Banderako auzia dela-eta Urdaibaik jarritako helegitea atzera bota du Donostiako Udalak. Urdaibairi bidalitako gutunean, udalari ez dagokiola erabaki teknikoak berrikustea jakinarazi dio Donostia Udalak. Donostiako Udalak hartutako erabakiaren berri abenduaren 31n jaso zutela esan du Zabalondok, Urdaibaik helegitea jarri eta hiru hilabetera.
Josu Zabalondo Urdaibaiko presidenteak kasua abokatuaren esku dagoela jakinarazi du. Hala ere, bere iritziz auzi horrekin aurrera jarraitu behar da. “Bandera etxera ekarri arte lanean jarraituko dugu. Dirua bueltatzea dagoeneko zaila izango bada ere, bandera Bermeon ikusi gura dugu”, azaldu du Zabalondok.
10 lagun auzipetuta
Bi urte baino gehiagoz instrukzio fasea geldirik egon ostean, epaileak aurretiko diligentziei amaiera eman die. Fase horren amaieran, hamar lagun auzipetu ditu, ustez debekatutako substantziez hornitzeagatik. Auzipetuen artean daude Urdaibaiko egungo presidentea, mediku ohia eta entrenatzaile ohia. Hamar lagun horien artean ez da arraunlarien izenik agertzen.