
Totorikaguenako langileen protesta
Totorikaguena S.Ako beharginek salatu dutenez, enpresako arduradunek “ez dute akordiorako jarrerarik”. Beraien lan eskubideen defentsan, langileek zenbait greba egun iragarri zituzten joan den abenduan, baina protestek eraginik ez dutela izan jakinarazi dute. Biharko eta etzirako greba egunak pasata, hortaz, aurrerantzean zer egin erabaki beharko dute. Izan ere, enpresako arduradunak “entzungor” jokatzen ari direla deritzote.
Beharginen eta enpresako arduradunen arteko harremanak abenduaren 31n eten ziren. Ordutik, langileek ez dute berririk izan. Egun horretan negoziatzeko proposamena egin zioten enpresari, baina oraindik “erantzunaren zain” daude.
LAB sindikatuak grebaren irregulartasunak salatu ditu. Sindikatuaren ustez, “greba eskubidea zapaldu” du Tororikaguenak. Izan ere, greba egunetan protestan ari ziren beharginen lanpostuetan kanpoko pertsonak jarri zituen enpresak. LABek dioenez, hala jokatzea “lan araudiaren kontra” doa. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzari gertaeraren berri eman zion sindikatuak, enpresa zigortu dezan.