
Irudian, Txomin Arana Dakar Rallyan
Ereñarrak 02:51:39ko denbora behar izan du Rosariotik San Luiserainoko (Argentina) tartea egiteko, hain zuzen, Joan Barreda etapako irabazleak baino 26 minutu eta zortzi segundo gehiago. Emaitza “oso ona” izan da Aranak lortutakoa, nahikoa arazo izan baitu berea baino geldoago zihoazen motoak aurreratzen. Bere hitzetan, nahiko lasai atera da, eta “kilometroak egin ahala gusturago” sentitu da, “seguru, arriskurik hartu barik eta gauzak patxadaz hartuz”. Lehen etapa horretan Marc Coma eta Cyril Despres sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Hortaz, Barreda da oraingoz rallyko liderra.
Gaur bigarren etapari ekingo diote parte hartzaileek, San Luisetik San Rafaelerainoko 724 kilometroko ibilbidea eginez, horietatik 359 erlojuaren aurka. Antolatzaileen arabera, rallyko berezirik azkarrena da gaurkoa, eta etaparen azken 100 kilometroetan pilotuak dunen artean murgilduko dira lehenengoz.
35. Dakar Rallya seigarrenez ari da jokatzen Hegoamerikan. Oraingoan, domekan hasi eta hilaren 18ra arte, Argentina, Bolivia eta Txile lotuko dituzte pilotuek. Moto gidariek 8.734 kilometro osatu beharko dituzte,9.374 kilometro autoek, eta 9.188 kilometro kamioiek. Egiaztapen tekniko-administratiboak eginda, 174 motok, 40 quad-ek, 147 autok eta 70 kamioik osatzen dute parte hartzaileen zerrenda ofiziala.
Txomin Aranaren helburu nagusia lasterketa amaitu ahal izatea da.