
Morgako Talleri upategia
San Tomas azokan saldutako txakolin botila bakoitzarengatik 0,50 euroko ekarpena egingo zuela aurreratu zuen Morgako upategiak abenduan, eta azoka entzutetsua igarota, datuen berri eman du. Esan duenez, 301 txakolin botila saldu zituen Bilbon, eta, beraz, 150,50 euroko ekarpena egitea zegokion. Batutako diru horrekin, olioa, umeentzako poteak, zerealak, zukuak, esnea, egoskariak, galletak eta kontserbak erosi ditu Tallerik, eta Bizkaiko Elikagaien Bankuari eman dizkio, beharrizana dutenen artean bana ditzan.