
Urdaibaiko itsasadarra. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (EHAO) jaso du Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko eta Gaztelugatxeko Donieneko lau espazio Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatu izana. Espazio horiek Natura 2000 Sarean bilduta daude. Hain zuzen, Gaztelugatxeko Doniene, Urdaibaiko ibaien sarea, Urdaibaiko itsasertzak eta padurak eta Urdaibaiko kantauriar artadiak dira guneak. Horrez gain, Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi gisa izendatu dute Urdaibaiko itsasadarra.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumeneko sailburuorde Josean Galeraren arabera, adierazpen horren bitartez, “Urdaibaiko itsasadarreko kontserbatzeko eremu bereziak eta hegaztiak babesteko eremu bereziak zaintzeko neurriak hartzen dira, eremu horietan Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak baitaude, eta, horrez gain, erkidego honetara iritsi ohi diren hegazti migratzaileek atseden hartzeko eta elikatzeko tokiak baitira. Arrazoi horiek direla eta izendatu ziren Natura 2000ko toki gisa”. Galerak dioenez, “Urdaibaiko eta Gaztelugatxeko Donieneko esparruko kontserbatzeko eremu bereziak eta hegaztiak babesteko eremu bereziak prestatzeko, Europako Batzordearen irizpideak” jarraitu dituzte, “inguru horietan ageri diren habitaten eta taxonen eskakizunei erantzuteko helburuarekin”.