
Bakearen Museoa
2013an 28.698 bisitari zenbatu ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak, eta 2012a 1.888 bisitari gehiago zenbatu zituzten. Hala ere, emaitzagaz pozik agertu dira museoko arduradunak. Gainera, museora joan direnen iritziak positiboak direla nabarmendu dute.
Murrizketen eta krisiaren arren, 2013an zehar hainbat jarduera antolatzeko ahalmena eduki duela ekarri du gogora Bakearen Museoak. Hain zuzen, aldi baterako hiru erakusketa “garrantzitsu”, bi erakusketa bibliografiko berri eta ikerketarako zenbait bidaia egin dituztela azaldu du. Halaber, bonbardaketari eta 36ko gerrari buruzko bi liburu argitaratu izana azpimarratu du, baita Etxepare institutuarekin elkarlanean erakusketa ibiltariak antolatu izana ere. Museoko zuzendari Iratxe Momoitiok hainbat lekutan hitzaldiak eman dituela ere ekarri du gogora, eta baita hezkuntza sailak proiektu didaktiko berriak garatu dituela ere.
Aurrera begira jarrita, 2014rako jardueren berri eman du Bakearen Museoak. Hala, berritasun gisa, domeka guztietan museoa doan bisitatu ahal izango dela zehaztu du. Horrez gain, Bizkaiko ikastetxeetan doako tailerrak eskainiko dituela esan du.
Betiko legez, bestalde, aldi baterako erakusketa “interesgarriak” hartuko ditu aurten ere Gernika-Lumoko museoak, eta egun berezietako ospakizunekin bat egingo duela esan du.