
Gernika-Lumoko merkatariek ordu eta egun gehiagotan zabalduko dituzte horien komertzioak, Gabon garaian. Naira Iturbe merkatarien elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez, erosketak Gernika-Lumon egiteko erraztasunak eman gura dizkiote bertoko bezeroei. Izan ere, bezeroen eskaeretako bat zen Gabonetako ordutegia luzatzea. Hala eginez, bezeroek beste herri batzuetara alde egitea ekidingo dutela deritzote sustatzaileek. Iturbek nabarmendu duenez, gainera, opariak erosteko dendez gain, elikagai dendak ere zabalik izango dira. Kanpainan herriko merkatari gehinek parte hartzen dute, baina ez guztiek.
Merkatarien elkarteko kudeatzaileak dioenez, Gernika-Lumon horrelako kanpaina bereziak egin ezean, bertoko eta inguruetako herritarrak eskualdetik kanpora doaz erosketak egitera. Hala, ordutegi aldaketagaz Gernika-Lumoko establezimenduak erakargarriagoak izango direla deritzo.
Saltzaileak eta bezeroak kanpainaren onuradunetako bi izango dira, baina ez bakarrak. Izan ere, Iturberen berbetan, herrian giro hobea egotea ahalbidetuko dute bezeroek erosketak bertan eginez gero. Hala, tabernarientzat ere, esaterako, egitasmo aberasgarria izan daitekela uste du. Era horretako proiektuak martxan jartzea oso garrantzitsua dela eta, lanean jarraitzeko gogoa agertu du merkatarien elkarteak.
Gabonetako ordutegi aldaketa
- Hilaren 20an, eta urtarrilaren 3an, goizez 14:30era arte zabalduko dituzte komertzioak, eta arratsaldez 21:30ak arte.
- Hilaren 21ean eta urtarrilaren 4an, goizez zabaltzeaz gain, arratsaldez ere zabalduko dituzte komertzio gehienak.
- Urtarrilaren 5ean, goizez eta arratsaldez zabalduko dituzte komertzioak, domeka izan arren.
Gabonetako kanpaina bereziak
- Merkatarien elkarteak gutun lehiaketa bat jarri du martxan. Herriko komertziotean banatzen dituzten gutunazaletan Olentzerorentzako gutuna idatzi behar dute interesatuek. Parte hartzen dutenen artean, herrian erosketak egiteko 25 euroko 120 bono zozkatuko dituzte. Hilaren 16tik 23ra Olentzero eta Mari Domingi Gernika-Lumoko kaleetatik ibiliko dira. Merkatu plazatik aterako dira 18:00ak aldera, eta ibilbide desberdinak egingo dituzte. Gutunak horiei eman behar zaizkie, edo merkatu plazako buzoi baten utzi beharko dituzte interesatuek. Urtarrilaren 7ra arte erabili daitezke bonoak bertoko establezimenduetan.
- Errege egunaren harira, bestalde, zinemarako deskontuak oparituko ditu elkarteak. Herriko komertziotean erosketaren bat eginez gero, zinemarako deskontua lortuko dute bezeroek. Urtarrilaren 31 arte erabili daitezke deskontuak.