
Markina-Xemeingo kanporaketaren momentu bat
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusira joateko sarrera barik geratu diren Busturialdeko herritarrek, finala pantaila erraldoi bidez jarraitzeko aukera izango dute, domekan. Hain zuzen, Gernika-Lumon eta Muxikan jarriko dituzte pantailak, bertoko biztanleek finala lagunartean ikusi dezaten.
Gernika-Lumori dagokionez, Astran jarriko dute pantaila erraldoia, 11:00etan hasita. Mikrouhin labea eta mahaiak eskuragarri jarriko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Hala, Astran bertan jateko aukera izango dute nahi dutenek.
Muxikako pantaila erraldoia, bestalde, Ariatza auzoko eskola izandakoan jarriko dute. Goizeko kanporaketa saioa ikusi ostean, baina, bildutakoek auzoko txokoan bazkaltzeko aukera izango dute. Horretarako, aldez aurretik eman behar dute izena interesatuek.
Bazkaria Ariatzan jan nahi dutenek Zubieta Errota eraikineko liburutegian eman behar dute izena, hamabi euro ordainduz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gaur zarratuko dute txartelak erosteko epea.