Jaialdi berezia antolatu dute zapaturako Ibarrangelun. Hainbat herritako kantariak batuko dira, eta marijesiak, abenduak eta kebonikuak kantatuko dituzte.
19:00etatik aurrera izango da, Ibarrangeluko elizan.
Parte hartzaileak Eako, Gautegiz-Arteagako, Gernika-Lumoko, Lekeitioko, Muxikako, Iurretako eta Ibarrangeluko herritarrak izango dira.
«Herri bakoitzean doinu desberdinagaz kantatzen dira marijesiak», esan dute Lorea dantza taldeko antolatzaileek. «Letra oso antzerakoa daukate, baina herri bakoitzean berezitasunak dauzkate», gaineratu dute. Horregatik, kantatzen hasi aurretik herri bakoitzekoek euren berezitasunei buruzko azalpena emango dute, eta ostean arituko dira kantuan.
Orain dela lau urte Eako, Gernika-Lumoko eta Lekeitioko kantariak elkartu ziren Ean, denak batera emanaldia eskaintzeko. Hurrengo urtean, Gernika-Lumok hartu zuen lekukoa. Han, zazpi herritako kantariak elkartu ziren. Iaz ez zen jaialdirik egin, eta aurten, Ibarrangeluk hartuko du ekitaldia antolatzeko lekukoa.
Don Domingoren omenez
Zapatuan egingo den emanaldia Don Domingo Ibarrangeluko abadea zenaren omenez egingo da.
2014an beteko dira 100 urte Don Domingo jaio zela, eta horregatik, Ibarrangeluko herritarrek hainbat ekimen prestatu dituzte herriarentzako «hain garrantzitsua» izan zen Domingo omentzeko. «Euskara, kultura, dantza… alor desberdinetan nabarmendu zen Don Domingo», esan dute Lorea taldekoek. Lorea Dantza Taldea ere berari esker dago martxan: «Berarengatik ez balitz, euskal munduari lotutako hainbat gauza asko ez lirateke egongo Ibarrangelun», esan dute.
Hau izango da Don Domingoren alde egingo den lehenengo ekintza, baina irailera arte jarraituko dute ekitaldiak antolatuz eta Don Domingo omentzen.