8 eta 9 urteko umeengan irakurzaletasuna suspertzeko asmoz abiaraziko du ekimen hori Bermeoko Udal Liburutegiak. Jakinarazi duenez, 2014ko urtarriletik abendura izango da martxan eta hilero ordubeteko saioak egingo dituzte. Hala, ordu horietan, “umeen gurari, interes eta fantasia pertsonalak abiapuntu hartuta”, hainbat joko eta dinamika egingo dituzte.

Bermeoko Udal Liburutegia. Argazkilaria: Bermeoko Udala
Hilero egingo dituzten doako saio horietan guztiek parte hartzea gura dute; horregatik, hezkuntza eta dibertsioa uztartzen dituzten jarduerak izango direla esan dute.
Udal Liburutegiak aitortu duenez, “giro atsegina” sortu gura dute aipatu irakurketa klubean; hala, “umeak gustura eta pozik egotea eta umeengan liburuak irakurtzeko gogoa piztea” da, hain zuzen ere, euren helburua.
Era berean, umeek liburutegia zertarako den eta nola erabiltzen den ikastea ere gura dutela diote; “apurka-apurka liburuak euren kabuz aurkitzeko gauza izan daitezen”. Izan ere, Bermeoko liburutegiaren ustez, “irakurtzearekin gozatzen ikasten dute umeak arin hasten dira liburuz liburu kuxkuxeatzen, baina hrretarako liburuak mota askotakoak direla jakin behar dute, eta bakoitza aurkitzeko nora jo behar den ikasi”.
Aipatu ekimenean parte hartu edo informazio gehiago nahi dutenek Bermeoko Udal Liburutegira jo beharko dute.