
Asko dira balio gastronomikoa daukaten landare basatiak, gaur egun erabiltzen ez diren arren
Arrain zopa, foiea, urdaiazpikoa, arkumea, bisigua, itsaskia, moluskuak, entrekota, krabarroka pudina, turroia, intxaursaltsa, txangurrua… Gabonetako otorduetako bat egiteko prestatutako mahai baten gainean aurki daitezkeen jakietako batzuk dira. Irudimena eta berrikuntza erabiliz, baina, ohikoak izan daitezkeen menuei “magia” pixka bat emateko aukera badago; esaterako, landare basati gastronomikoak baliatuz menuaren prestaketan.
Euskadiko Biodibertsitate Zentroak espezie horiek hobeto ezagutzeko aukera emango du abenduaren 21ean eta 22an, hamasei urtetik gorakoei zuzendutako tailer berezi baten bidez. Izan ere, “edozein ortu edo bide ertzetan jangarriak diren ehunka espezie basati aurki ditzakegu”. Hori bai, ezinbestekoa da landare horiek ondo ezagutzea, batzuk bere horretan jan daitezkeen arren, beste batzuek “desintoxikazio prozesu luzeagoak” behar dituztelako jangarri izan daitezen.
Adibide legez, “nagusien oroimen historikoan tagarninazko gisatuak, garikota edota berakatz freskoz egindako nahaskiak, garbantzuak malbarekin, asunezko tortilak, ezkur erreak, gurbitz likorea…” daudela aipatu du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak. Landare horiek, baina, dagoeneko ez dira erabiltzen, “ezagutzen ez direlako edota elikagaien industriaren eraginez kontsumitzen ez direlako”. Dena den, gure inguruan arazo gabe aurki» daitezke; “zelaietan, bide ertzeetan, basoetan…”.
Pintxoak, gozoak…
Clara Gutierrez Aranak emango ditu landare basati gastronomikoen inguruko azalpenak. Biologian lizentziatua eta etnobotanikan aditua da Gutierrez, eta baita La tierra elkarteko kidea ere. Tailerraren lehenengo egunean, goizean, erabiliko dituzten landareen inguruko azalpena emango du, eta irteera gidatu baten ondoren pintxoak prestatzen irakatsiko die parte hartzaileei. Arratsaldean, aldiz, Gabonetako gozoak egiten ikasiko dute ikasleek. Landare basatiak erabiliz betiko jatekoak egiten ariko dira bigarren egunean, eta Gabonetako mahai apaingarriak ere egingo dituzte. Egun bietan, gainera, prestatutakoa dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Hamar ordu iraungo du tailerrak, eta prezioa 30 eurokoa da. Izena emateko 94-687 04 02ra deitu behar da, edo
info@torremadariaga.org helbidera idatzi.