Ohiturari jarraituz, Txakolin Eguna ospatuko dute zapatuan Mundakan
Herri ezberdinetako hiru motatako txakolinak dastatzeko aukera izango dute zapatuan Mundakara bertaratzen direnek, eta gainera, azoka txiki bat ere izango dute aukeran.
11:00etan emango diote hasiera Txakolin egunari, eta eguerdira arte, Mundakako udaletxeko arkupeetan bilduko dira herritarrak. Aurreko urteetan legez, aurten ere, hiru izango dira beren txakolina Mundakan dastatzeko aukera emango duten txakolingileak; hain zuzen, Bakioko, Busturiko eta Iurretako ekoizleak izango dira kostaldeko herri horretan euren produktua eskaintzen.
Txakolinaz gain, baina, izango da zer dastatu Mundakan; izan ere, beste hainbat produktu eskuratzeko aukera emango du zapatuko azoka berezi horrek; esaterako, patea, gazta eta etxeko gozoak. Mundakako Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu Txakolin egunean parte hartzera.