Incoesako beharginak, Batzar Etxearen aurrean
Bediako Incoesa enpresako beharginak goizean bildu dira Gernika-Lumoko Batzar Etxearen aurrean, Batzar Nagusiei “emandako hitza bete” dezatela eskatzeko. Bizkaiko Batzar Nagusiei nahiz Bizkaiko Foru Aldundiari “inplikazioa eta ardura” exijitu diete langileek. Esan dutenez, atzo jakin zuten enpresari deslokalizazioaren inguruko txostena aurkeztu zitzaiola, “dagozkion alegazioak aurkez ditzan”. Azaldu dutenez, “behin hori eginda, Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko informea ezagutaraziko du, gure ustez argi eta garbi deslokalizazio prozesu batean murgilduta gaudela adierazi beharko lukeena”.
“Beranduegi” datozela iritzi dioten arren, pauso horiek ontzat eman dituzte beharginek. “Baina berriro diogu diputazioak aktiboki jokatu behar duela deslokalizazioa saihestu ahal izateko”. Horrenbestez, aldundiari eskatu diote langileak egiten ari diren “borrokara batu” dadin, “Incoesak bere produkzioa Bediako lantegian manten dezan”.
Gernika-Lumoko protesta eginda, datorren asterako gehiago iragarri dituzte. Esaterako, astelehenean Bilboko sozial arloko epaitegien aurrean (Barroeta Aldamar kalea) bilduko dira, 10:00etatik 11:00etara . Izan ere, 2013ko urtarrilean enpresak ezarritako suspentsioko enplegu erregulazio espedientearen inguruko epaiketa egitekoak dira epaitegi horietan. Bestetik, abenduaren 10ean berriro etorriko dira Gernika-Lumora, Batzar Nagusien aurrean elkarretaratzea egiteko.
Gernikan, 2013ko abenduaren 5ean