Atzoko ekitaldia
2014ko Ibilaldiaren kanta zeinek egingo duen jakinarazi zuen atzo Ibilaldia Elkarteak, Euskararen Egunaren harira egindako ekitaldi berezian. Abesti lehiaketara helarazitako kantak “guztiz aberatsak” izan direla nabarmendu du epaimahaiak, “musika mota desberdinak uztartzen dituztenak, Busturialdeko herri guztiak aipatzen dituztenak, umeen ahotsak gehitzen dituztenak…”. Ibilaldia Elkarteak eskerrak eman dizkie abesti lehiaketan parte hartu duten guztiei.
Irabazlea ebazteko, besteak beste, “dantzarako zein kantak balio duen, zeintzu berba diren buruan arinen geratzen direnak eta beste hainbat arlo” izan dituzte kontuan. Aukeraketa egitea “zaila” izan dela ere esan dute.
Jon Urriolabeitia arratzuarrak eta bere lagun taldeak “antolatzaileek proposatutako hiru aukeretako bat erabili dute”. Abestia arratzuarrak sortu du, baina zenbait musikariren laguntza izan du soinu tresna desberdinak jotzeko. Besteak beste, Gorka Leon, Jose Urruela eta Antton Uriarte musikarien laguntza izan du.
Arratzuko musikariak azaldu duenez, pozarren dago, udaberritik aurrera, hark sortutako kanta Euskal Herriko bazter guztietara helduko baita. Dioenez, “ez gara talde finko bat, eta espreski batu gara Ibilaldiko kanta sortzeko”.
Bertoko herritarrak nabarmendu duenez, “abesti oso alaia da; dantzan egiteko oso aproposa”. Hala, jendearen gustukoa izango dela deritzo. “Ska, reggea eta rock doinuak uztartzen ditu 2014ko Ibilaldiko abestiak”.
Abesti lehiaketako irabazlearen berri eman arren, oraindik ez dute zehaztu kantaren edukia, eta udaberrirako prest egongo dela esan dute. “Oraindik asteek aurrera egin behar dute kanta ofiziala entzun ahal izateko. Lehen urratsa, hala ere, emanda dago. Negu guztia dute aurretik estudioan gogor lan egiteko eta udaberriaren lehen printzeek jantziko dute musikaz
Euskararen Bihozfera“.
Kantaren egilearen berri emateaz gain, hitzaldiak, mahai-ingurua… ere izan ziren atzo Elai-Alai aretoan.