Lehenengo aldiz, 90’s Party jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute bermeotarrek, Kafe Antzokiaren eta Spookypheria Productions Kultur Elkartearen eskutik. Hala, hamarkada horretako doinu eta arropez jantziko dute zapatuan Bermeoko Kafe Antzokia bertaratzen direnek. Besteak beste, Madrifornication taldearen musika izango da entzungai, eta horrek bukatutakoan, DJ Datak jarriko ditu dantzan Kafe Antzokira doazenak.
Aurtengo 80’s party jaialdia, Bermeoko Kafe Antzokian.
Orain arte 80ko hamarkada izan badute abiapuntu ere, oraingoan, hamar urte beranduago jarri dute ikusmira. Hala, hamarkada horretako pelikuletako, taldeetako, telesaietako… jantziez koloreztatuko dute Antzokia, Musikagaz ere girotuko dute zapatuko gaua, eta, horretarako estilo guztietako musika jarriko dute; beti ere, 90ko hamarkadako abestien eta soinuen bitartez.
Iñigo Atxa Spookypheria Productions Elkarteko kideak azaldu duenez, giro ona sortzea espero dute, eta, horretarako, mozorrotuta joateko deia egin die herritarrei. Kalean, behintzat, herritarrak “gogotsu” daudela aitortu du; “mugimendua nabari da, jendea mozorroa prestatzen dabil”.
Jendeari ondo pasatzeko aukera emateaz gain, urtean zehar antolatzen dituen gainontzeko ekitaldietarako beste diru iturri bat izatea ere badu helburu Spookypheria Productions Kultur Elkarteak. Izan ere, egungo egoera ekonomikoa ikusita, jasotzen dituzten diru laguntzak murritzagoak dira, eta Halloween Metal Fest eta Gorefest jaialdia antolatzeko, adibidez, dirua behar izaten dute.
21:30ean irekiko dituzte Bermeoko Kafe Antzokiko ateak jaialdiari hasiera emateko, eta 22:00ak inguruan hasiko dituzte kontzertuak. Horiek bukatutakoan, ostera, DJ Dataren txanda izango da, eta 06:00ak arte musika jartzea izango du xede . Jaialdirako sarrerak, ostera, 5 euroren truke erosi ahal izango direla jakinarazi du Atxak, Kafe Antzokiaren txarteldegian bertan.