Foru plazan jarriko dute aurten ere zuhaitza
Bihar piztuko dituzte Gernika-Lumon Gabonetako argiak, eta, ohiturari eutsiz, txokolatea eta bizkotxoak banatuko dituzte Foru plazan, han jarriko baitute aurten ere eguberrietako zuhaitza. 18:00etan hasiko da ekitaldia.
Udalak zehaztu duenez, herriko sarbideetan, Merkatu plaza eta Pasealeku inguruetan, eta Carlos Gangoiti, Artekale, Juan Calzada, Industria, Adolfo Urioste, Barrenkale, Ocho de Enero, Don Tello, San Juan eta San Bartolome kaleak eta Lorategieta auzoa argiztatuko dituzte. Halaber, Bakearen Museoko eta udaletxeko balkoietan ere argiak ipiniko dituzte. Hain justu, 06:00etatik 08:00etara eta 18:00etatik 24:00etara egongo dira argiak piztuta.
Energia aurreztea helburu, aurten ere kontsumo baxuko argiztapena baliatuko du udalak, “goritasun-lanpara arruntek baino %75 gutxiago gastatzen dutenak”.