2014ko Ibilaldiaren irudia
2014ko Ibilaldiari musika jartzea helburu, joan den urrian antolatu zuen Ibilaldia Elkarteak abesti lehiaketa, eta lanak aurkezteko epea amaituta, hamasei “altxor” dauzka esku artean, beste horrenbeste taldek egindakoak. Irabazlearen berri gaur emango du, 19:00etatik aurrera Elai-Alai aretoan egingo duen ekitaldi berezian.
Jasotako abesti kopuruagaz pozik agertu dira antolatzaileak. “Hasieran lehiaketa martxan jartzeko beldur ginen, jendearen erantzuna zein izango ote zen ezagutzen ez genuelako”, esan dute Kultura Batzordeko kideek, baina, “asteek aurrera egin ahala eta lanak jasotzen joan ahala, beldurrak uxatzen joan”, eta azkenean aurreikuspenak “erabat bete” dituzte. “Handik eta hemendik etorritako informazioari esker, sei bat talde konfirmatuta genituen”.
Euskaraz idatzia izatea, ikastola hitza agertzea eta
Euskararen bihozfera leloa azaltzea izan dira abestiek bete beharreko hiru baldintzak. Halaber, “lehiaketan parte hartzeko oinarrietako bat partaideetako bat Busturialdekoa izatea” zen, eta, zentzu horretan, arazorik ez dela egon zehaztu dute. “Parte hartzaile gehienak, denak ez esatearren, Busturialdekoak dira, eta gehiengoak ikastolarekin lotura zuzena dauka”. Euretako asko ikasle ohiak direla nabarmendu dute.
Musikari bik, idazle bik eta Ibilaldia 2014ko kultura batzordeak erabakiko dute irabazlea. 2014ko Ibilaldia ospatzen den egunean gutxienez kontzertu bat eskaintzeko aukera izango du irabazleak, betiere, hala nahi izatekotan.
Abesti lehiaketako irabazlea jakinarazteaz gain, Ariane Ensunzaren eta Adolfo Arejitaren hitzaldiak eta mahai-ingurua ere antolatu ditu Ibilaldia elkarteak gaurko. Mahai-inguruan Irati Jimenez idazleak, Ager Sardui Bizkaia irratiko kazetariak, The Uski’s taldeko Iñigo Eigurenek eta Ibon Ajuria bertsolariak parte hartuko dute. Egunerokotasunerako lanabes legez bizkaiera izateaz ariko dira aipatutako lau lagunak.