Lehenengo aldia izango da aurtengoa eta abenduaren 13an eta 14an egingo dute, Bermeoko merkatuaren inguruan. Hala, bertaratzen denak baserri eta itsasoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango duela azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Gainera, Gabon giro polita ere izango dela nabarmendu du; Olentzerok ere parte hartuz. Halaber, bertaratzen direnek aparkatzeko arazorik izan ez dezaten, bertako aparkalekua erabili ahal izango dute azokako egun horietan, dohainik.
Gaur goizean aurkeztu dute Gbaonetako azoka. Argazkian, alkatea eta zinegotziak, azokako saltzaileekin batera.
Hain zuzen, 09:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik azoka barikuan; zapatuan, aldiz, 09:00etatik 15:00etara irekiko dute. Azoka horren helburua, besteak beste, “Bermeon erosketak egitea bultzatzea –bereziki, azoka sustatzea– eta itsasoko eta baserriko gure sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratzea” dela adierazi du Bidegurenek.
Gutzira, 30 bat saltoki
Hain zuzen, 30 bat saltoki izango direla esan du Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak gaur goizean egindako aurkezpen ekitaldian. Saltoki horiek merkatu kanpoan zein barruan kokatuta egongo direla azaldu du, eta “lehen mailako bertoko produktuak” eskuratu ahal izango direla horietan gaineratu du; hala nola, arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arraultzak, esne freskoa, sagardoa, txakolina, lorak, gaztainak, ogia, patea eta beste hainbat.
Bestalde, Gabonetako giroa izatea ere lortu gura dute, eta, horretarako, argiak eta apaingarriak jarriko dituzte. Horrez gain, Musika eskolako kideek soinu berezia jarriko diote azokari euren abestiekin.
Sukaldari bat jakiak prestatzen
Usain berezia ere izango du azokak egun horietan; izan ere, Lanbide Hastapeneko sukaldari bat izango da egun bietan 11:00etatik 14:00etara, Gabonetako menu ezberdinak prestatzeko. Hala, intxaur saltsa, karakolak, bakailaoa, postreak… prestatuko ditu, eta, gero, salgai jarriko dituzte azokan bertan. “Oraindik prezioak zehazteke ditugu, baina bizi dugun krisi garaia kusita, ez dira prezio altuan salduko”, azaldu du Ormaetxeak.
Bariku arratsaldean (17:00etatik 20:00etara), gainera, txikitxoenei zuzendutako tailerrak ere egongo direla adierazi dute.
Hala, Gabonetako azoka horretan parte hartzeko deia egin dute Bermeoko Udaletik, “balio erantsia duten gure produktuak eskuratzeko aukera izango delako, eta, era berean, Gabonetako giro politaz gozatzeko aukera izango delako”.