Abenduaren 3a,
Euskararen Nazioarteko Eguna. Busturialdean ere gogoan edukiko dute egun hau, bihar. Baina
asteburuan ere hainbat herritan egin dituzte euskararen aldeko ekimenak.
Bermeon, esaterako,
Euskaraz? Edonon eta edonogaz izan zuen goiburu Antzokian egin zuten Berba eta Kafea tertuliak. Izan ere, euskararen erabilerak behera egin duela kezka sortzen du herritarren artean.
Busturiko Jose Maria Uzelai guraso elkarteko kideek, hain zuzen, ardura hori adierazi dute Euskararen Eguna dela eta. Herri euskalduna izan arren, euskaraz hitz egiten dutenak oso gutxi direla azaldu dute. Horregatik, guraso elkarte moduan euskararen biziraupenerako egiten duten lana aitortu gura izan die udalak. Nafarroako Erribera euskalduntzen laguntzeko otzara bat ere zotz egin zuen Busturiko Udalak domekan, eta gazte asanbladaren eskutik, tailerrak, jokoak eta beste egin zituzten arratsaldean.
Kortezubin herri bazkaria, ipuin kontalaria eta postal lehiaketaren sari banaketa egin dituzte asteburuan, eta Ibarrangelun dantzan, kantuan eta bertsotan gogoratu dute Euskararen Eguna. Bermeon legez, gainera, ume jaioberrientzako opariak banatu dituzte: liburua kaleratzen dute Bermeon, urtero; eta euskal kantekin egindako CDa hartu dute
Ibarrangeluko txikienek.
Asteburuan egindakoez gain,
bihar ere ekimen ugari egongo dira herrietan. Hurrengoak, egitarauak:
Bermeo: Hainbat jarduera egingo dituzte ikastetxeetan.
Ea: Euskara egun, euskaraz lagun. Haizeder eskolako umeek margotutako leloa udaletxeko balkoitik zintzilikatuko dute, eta gurasoei euskarazko produktuen katalogoa banatuko diete.
Elantxobe: Abenduaren 6ra arte Gabonetako Postal eta Testuen Lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik dauka udalak. Elantxobeko 14 urtera arteko ume eta gazteei zuzenduta dago. lan guztiak udalaren webgunean (www.elantxobe.eu) jarriko dituzte ikusgai, eta, ondoren, irabazleen lanekin aurtengo Gabonetako postala egingo dute. Herriko Be bai Euskara Elkarteko kideak izango dira epaileak, eta, lanaren originaltasunaz gain, euskarazko testuaren jatortasuna baloratuko dute.
Gernika-Lumo: 11 orduko irakurraldia: Edorta Jimenezen Baleen berbaroa. Elai-Alai aretoko gela txikian, 09:00etatik 20:00etara. Irakurraldian parte hartzeko 647-814 965 telefono zenbakira (Pili) edo 94-627 02 05era (Euskara Zerbitzua) deitu behar da. Antolatzailea: Berbalagun. Bestetik, Bai Euskarari ziurtagiriaren banaketa ekitaldia egingo da 20:15ean, Elai-Alai aretoan. Bideo emanaldia lehenengo eta, ostean, ziurtagirien banaketa. Antolatzailea: Ziurtagiriaren Elkartea.
Mundaka: Eskolak antolatuta: 10:00etan, zotz egiteko, soka saltoan aritzeko kantak eta esaera zaharrak berreskuratuko dituzte. Lehenengo zikloko ikasleek zotz egiteko kantak abestuko dituzte, bigarren ziklokoek soka saltoan ibiltzeko kantak eta hirugarren zikloko ikasleek esaera zaharrak ekarriko dituzte gogora. 11:00etan, Tiburtzin, eskolako maskota helduko da. Eskolak antolatutako jarduera horiek Mundakako plazan egingo dituzte, baina euria bada, eskolan bertan.