Barikuan jokatu zuen Bermeoko Urgatz musika taldeak Banden Lehia lehiaketako finala Iseka Rock, Ukan eta Eskean Kristö taldeekin batera. Herritarren dei galduen bidez, eta Ritxi Aizpuruk (Baga-Biga diskoetxea), Last Tour Internationaleko ordezkari batek, Gatibuko Haimar Arejitak eta Andres Portero kazetariak osatutako epaimahaiaren bidez, Arratiako Eskean Kristö taldea suertatu zen irabazle.
Bermeotik Bilbora “itxaropentsu” joan zen barikuan Urgatz taldea; buelta, baina, ez zen eurek nahi bezakoa izan. “Kontzertua ondo” joan zen, eta Bermeokoen babesa ere izan zuten; dena den, ez zen nahikoa izan. Hain justu, publikoaren dei gehien jaso zituen taldeagaz alderatuta, ia 2.000 dei gutxiago jaso zituen talde bermeotarrak. Hala ere, taulagainean euren onena eman zuten bertokoek, eta Bilbotik bueltan, herrira ailegatu orduko, aurrera egiteko indarrak hartuta zituzten.
Orain, esku artean duten proiektu berri bat dute abiapuntu: lau abestiz eta Ereñon grabatutako lau bideoz osatutako ikus-entzunezko lan bat. Orain arte bezala, autoekoiztutako lana izango da hori ere; “gogo askogaz” egindakoa. Proiektu “polita” izango dela aurreratu du Urgatz taldeak; horregaz gozatzeko, baina, otsail bueltara arte itxaron beharko du herritarrak.
2011n sortu zen Urgatz. Denbora laburrean “taula gainera igotzeko bezain beste abesti batu ondoren, hiruzpalau kontzerturi esker eman zituen lehen pausoak” taldeak. 2012ko abenduan kaleratu zuen
Lur hartzean izeneko diskoa, boskoteak sortu, ekoiztu eta grabatutakoa.
Ihes da beraien lehen single eta bideokliparen izena. Denetara zortzi abesti propioz osatutako lana da.
-
-
-
-
-
-
Argazkilaria: Igor Zalbidea
-
-
-
-
-
-
-
-