Euskalsida saria jaso du Josu Imanol Unanuek, hiesaren aurkako borrokan egindako lanarengatik
https://www.youtube.com/watch?v=baXA0fSRfks
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Josu Unanue, saria jasotzen
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1996. eta 2012. urteen artean %92 murriztu da Hiesak jota hildakoen tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina urtero 170 pertsona kutsatzen dira GIBaz. Birusa aurkitu zutenetik, gaixotasunaren aurkako borrokan aurrerapauso handiak eman dira, Josu Imanol Unanueren eta beste hainbat hainbat boluntarioren lanari esker posible izango ez liratekeen urratsak. Borroka hori aintzatetsi asmoz, Euskalsida sariak eman ditu Euskal Herriko Hiesaren Aurkako Elkarteen Federazioak, eta Josu Imanol Unanue bermeotarrak jaso du euretako bat, “egindako lan gizatiarrarengatik”.
Barikuan izan zen sari banaketa ekitaldia Bizkaiko medikuen elkargoan, Bilbon. Bertan, gaitzaren kontrako borrokan Unanuek izandako inplikazioa goraipatu zuen Euskal Herriko Hiesaren Aurkako Elkarteen Federazioak. Unanuek esan duenez, saria “gustura” hartu du, “aktibismoa modu batera edo bestera aitortzeko” balio duelako. “Nik jaso dut, eta hori ondo dago, baina hainbatek egindako lanari emandako saria da”.
Bermeotarrak bakarrik ez, Juan Miguel Santamaria sendagileak eta Jon Darpon Osasun sailburuak ere jaso zuten aintzatespena. Hain zuzen, Osakidetzan egindako lana eskertu nahi izan diote Santamariari, eta lan instituzionala Darponi.
Sariak banatzeaz gain, GIBaren prebentzioa sustatzeko egindako bideoa aurkeztu zuten ekitaldian. Behin barikuan aurkeztuta, federazioa osatzen duten elkarte guztiak (Itxarobide, Hiesaren kontrako Gipuzkoako elkarte hiritarra, Bizkaisida, Harri Beltza, Sidalava eta T-4) arduratuko dira bideo horren zabalkundeaz.
Hiesaren aurkako nazioarteko egunak Euskalsida sarien banaketa baino gehiago ekarri du. Bermeon, urtero legez, lazo gorriagaz apaindu zuten Taraska, eta asko izan ziren etxeko balkoi eta leihoetan hiesaren aurkako ikurra jarri zuten bizilagunak.
Horrez gain, hiesaren kontra duela 25 urte sortutako mugimenduan Bermeok izandako paper garrantzitsuari buruzko erakusketa bat zabalduko dute bihar, Nestor Basterretxea aretoan, eta hilaren 8ra arte egongo da ikusgai. Ekitaldi desberdinen argazkiak, Euskal Herriko eta nazioarteko komunikabideetan argitaratutako albisteak, elkarrizketak… dakartza laginak.
GIB-Hiesagaz bizi diren pertsonen estatu mailako lehenengo topaketak Bermeon egin zituzten, 1992. urtean, eta, besteak beste, giza kateak, tailerrak eta ekitaldiak egin zituzten. Horren guztiaren berri ematen duen DVD “ezezagun” bat ere proiektatuko dute erakusketan. Gainera, inaugurazioaren harira, Josu Unanuek berak hitzaldia emango du bihar, 19:30ean, 25 urte Hiesarekin izenburupean.
Josu Unanue, saria jasotzen
Josu Unanue, ezkerrean
Josu Unanue, saria jasotzen
Ohorezko aurreskua
Josu Unanue, saria jasotzen
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.