Segurtasuna bermatze aldera, konponketa lanak egin ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, Gaztelugatxeko San Juanerako bidean. Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, “penintsula eta lehorra batzen diren gunean” egin dituzte lanok bi hilabetetan zehar. Hala, horien bitartez, lurra egonkortu dute eta sarbidea lehen bezala mantendu dute; alegia, aurrerantzean ere, kotxez iritsi ahal izango dute bisitariek foru errepide zaharreraino. Bertatik aurrera, oinezkoentzako bidea izango da.
Lurralde historikoko “lekurik erakargarrienetariko” batean egin dituzte aipatu lanok, eta horretarako, 198.878 euroko inbertsioa egin du aldundiak. Obra hori natura guneak kontserbatzeko konpromisoaren barruan egin duela azaldu du aldundiak; alegia, “biotopo babestua kontserbatzeko” asmoz. “Izan ere, Gaztelugatxeko inguruaren interes naturalak eta historikoak biotopo babestu izendatzea ekarri zuen 1988ko irailaren 15ean”.